Zientzia garapenaren 25. urteurrena ospatzen dihardu Donostiak

IX. Donostia WeekINN astean murgilduta, zientziaren eta teknologiaren sektorean oinarritutako hitzaldi, biltzar eta ekitaldiak ari dira izaten hirian

Donostia WeekINNen aurkezpena | Argazkia: Donostiako Udala Donostia WeekINNen aurkezpena | Argazkia: Donostiako Udala

Donostia Zientziaren eta Berrikuntzaren hiri gisa sendotzeko helburuarekin, Donostia WeekINN Berrikuntzaren IX. astea ari dira ospatzen. Donostiako Udaleko ekonomia sustapenerako zinegotzigoak antolatu du ekimena, hiriak garapen teknologikoaren eta berrikuntzaren alde egindako apustu sendoa ikusarazteko.

Izan ere, duela hamarkada batetik hona, “Donostia erreferentzia da teknologiaren sektorean, duela hogei urte baino gehiago landutako estrategia bati esker. Ordurako aurreikusita zegoen I+G+Bko inbertsioa handitzeak talentua biltzeko gai izango zen ekosistema bat sortuko zuela, Donostiako herritarren ongizatearen alde lan egingo zuena. Gaur egun, zenbakiek beren kabuz hitz egiten dute: herriak 5.000 langile baino gehiago ditu bere teknologia- eta enpresa-parkeetan”, adierazi dute antolatzaileek.

Hala, aste honetan bertan sektoreko eragile ugari ari dira parte hartzen Alderdi Ederren kokatu den karpan. Bertan daude Donostiako enpresek eta startupek garatutako puntako teknologiako laginak. Erakusketa eta hitzaldiak ere burutzen ari dira bertan, hala nola, mikrobiotika, etorkizuneko mugikortasuna, emakumeak eta zientzia edota adimen artifizialari buruzkoak.

Jardueren programa osoa eta ordutegiak ekitaldiaren webgunean kontsulta daitezke (weekinn.fomentosansebastian.eus). Aipatutako jarduera gehienek doako sarrera dute, baina antolatzaileek aldez aurretik izena ematea eskatzen dute, webgune berean aurki daitezkeen online inprimakiak erabiliz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK