Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako Adinberri fundazioa Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean (ZTBES) sartu berri da. Adineko pertsonen zahartzean berrikuntza bultzatzen du helburu aldundiaren proiektu estrategiko honek, eta Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzak ebatzi du ZTBES sarearen parte izatea.
Rakel San Sebastian Adinberriko zuzendariak azaldu du aitzatespen honek berretsi egiten duela fundazioak 2018an ekin zion bideari. Biztanleriaren zahartzea “ikuspegi bikoitzetik” begiratzen dutela adierazi du, “sozialetik eta ekonomikotik”, eta pertsona helduen bizi kalitatea hobetzea dutela helburu, “estrategia berritzaile” baten bidez.
Fundazioak zahartzearen erronka estrategiko nagusiei erantzuteko hainbat tresna eta proiektu bultzatzaile jarri ditu martxan azken urteotan, balio kate osoa barne hartuta, ikerketatik eta ezagutzaren sorkuntzatik, esperimentazioa sustatuta eta egitasmoei merkatura iristen lagunduz.
Gauzak horrela, Pasaian (Gipuzkoa) espazio berri bat izango du Adinberrik, zeinak helburu duen “berrikuntza polo” izatea. Espazioa eraikitzen ari dira oraindik, hainbat atzerapen izan ditu, eta aurreikusten dute 2028ko udararako prest izatea.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea ikerketa, garapen eta berrikuntzako erakundeen multzoa da. bertako partaide dira, besteak beste, EAEko teknologia zentroak, unibertsitateetako ikerkuntza unitateak edota berrikuntza sektoreko erakundeak.