• BERRIKUNTZA
  • Zientzia eta teknologia kuantikoari buruzko ekimenak iragarri ditu Jaurlaritzak

Zientzia eta teknologia kuantikoari buruzko ekimenak iragarri ditu Jaurlaritzak

Ikasle zein irakasleentzako, profesionalentzako, baita publiko orokorrarentzako jarduerak antolatuko dira 2025. urtean, “Kuantikaren urtea” dela eta

Juan Ignacio Pérez Iglesias sailburua | Argazkia: Ikerbasque
Juan Ignacio Pérez Iglesias sailburua | Argazkia: Ikerbasque
2025eko otsailaren 13a

“Zientzien eta teknologia kuantikoaren urte” gisa izendatu du 2025. urtea Unesco hezkuntza, zientzia eta kulturarako Nazio Batuen erakundeak. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailak urte honetarako hainbat ekintza eta proiektu iragarri ditu, zeinak Juan Ignacio Pérez Iglesias sailburuak aurkeztu dituen.

 

Lau arlotan banatu ditu sailburuak datozen hilabeteetarako proposatutako ekimenak: zientzialariei bideratutakoak, industria eta hezkuntzari dagozkionak, biztanleria orokorrarentzako prestatutakoak, eta, azkenik, etorkizuneko IBM ordenagailu kuantikoarekin lotutako ekimenak.

Besteak beste, hezkuntza programa sortu da, ikasle eta irakasleak konputazio kuantikoan treba daitezen; interesa duen edonorentzako erakusketa egingo da Donostian, non artea eta kuantika uztartuko diren; horrez gain, herri eta hirietan hitzaldiak eta “ekintza interaktiboak” egingo dira “Kuantika Herriz Herri” ekimenaren bitartez.

 

Sailburuak gogorarazi du IBM ordenagailu kuantikoa 2025eko azken hiruhilekorako martxan egongo dela, Donostiako Ikerbasqueren eraikin berrian. Ordenagailuak EAE “berrikuntza kuantikoaren polo bilakatuko du nazioartean”, gaineratu du sailburuak, eta, hala, konputazio kuantikoan oinarritutako soluzioen garapena bizkortuko dela gehitu du.