Zikloan, hilekoa ulertzeko euskarazko aplikazioa

Iametzak hilekoaren datuak erregistratzeko euskarazko lehen aplikazioa garatu du

Android zein IOS sistemetan erabili daiteke Zikloan | Argazkia: EnpresaBIDEA Android zein IOS sistemetan erabili daiteke Zikloan | Argazkia: EnpresaBIDEA

Iametza Interaktiboak web-aplikazio berri bat jarri du martxan % 100 euskaraz aplikaziotik hilerokoaren jarraipena egin nahi dutenentzako. Zikloan web-aplikazioa gai da interfaze oso bisual eta intuitibo baten bidez hilekoaren datu interesgarriak erakusteko. Horretarako, emandako datuak interpretatzen ditu —umorea aldaketak adibidez—, eta gero eta datu-base handiagoari esker sorturikoak.

Julen Irazoki Iametzako software ingeniariak azaldu duenez, Zikloan aplikazioa Iametza enpresaren balio nagusietatik sortu da: euskarazko edukiak sortzea, eta erabiltzaileen bizitza hobetzen saiatzea. Zikloan programaren antzeko funtzioa egiten duten aplikazio gehienak espainieraz bakarrik daudenez, Iametzatik euskaldunei zuzendutako aplikazio bat sortzeko jauzia egitea erabaki zuten.

Zikloan programaren antzeko funtzioa egiten duten aplikazio gehienak espainieraz bakarrik daudenez, Iametzatik euskaldunei zuzendutako aplikazio bat sortzeko jauzia egitea erabaki zuten

Hasiera batean, aplikazioa garatu zenean, iOSerako eta Androiderako aplikazio mugikor gisa diseinatu zen, baina laster konturatu ziren sistema eragile horietarako aplikazio batek kostu handiak izango zituela. Alternatibetako bat zen web-aplikazio bat diseinatzea. Izan ere, duela urte batzuetatik hona, bai Googlen sistemak, bai Applenak, aukera ematen dute horrelako aplikazioak sortzeko. Erabiltzailearentzako web-aplikazioa aplikazio natibo baten antzekoa da; ez da bilaketa-barrekin aurkituko, ezta nabigatzaile baten berezko elementuekin ere, baizik eta aplikazio baten interfaze berdinarekin.

Nola funtzionatzen du aplikazioak?

Nabigatzailera sartu bezain laster eta aplikazioa deskargatu ondoren, erabiltzaileak saioa hasi beharko du posta elektroniko eta pasahitz batekin. Datu horiek sartu ondoren, pantaila bat aurkituko dugu, eta bertan adierazi beharko ditugu adina, lurralde historikoa, hilekoaren lehen data eta zikloaren azken data. Unean-unean sentitzen duguna bilduko duten datuak ere sar daitezke.

Behin barruan, aplikazioa hiru pantailatan banatzen da. Lehenengo pantailan borobil bat ikusiko da, zirkulu handiago bat orbitatzen. Zirkulu txikian, erabiltzailea zikloaren zein egunetan dagoen ikus daiteke, eta zirkuluaren ibilbidean —modu grafikoan—, berriz, zikloaren zein puntutan dagoen. Pantaila horretan bertan, hainbat datu sar daitezke, hala nola hilekoaren hasiera edo egun horretan nola sentitzen zaren. Helburua da erabiltzaileak datuak egunero sartzea, azterketa zehatzagoa egiteko.

aplikazioa hiru pantailatan banatzen da: erabiltzailea zikloaren zein puntutan dagoen jasotzen duena, aurreko zikloen historiala biltzen duena, eta estatistikena

Bigarren pantailan egutegi bat dago, non iraganera egin eta aurreko zikloen historiala ikus daitekeen. Halaber, egutegiaren pantailan, hurrengo datuen iragarpena ikus daiteke, adibidez, hurrengo zikloa edo obulazio-egunak aurreikustea ahalbidetuz.

Azkenik, hirugarren pantaila, estatistiketan zentratuta dago. Barra-grafiko baten bidez, zikloen eta faseen iraupena erakusten da, erabiltzaileak interpretatu ahal izan ditzan eta bere gorputza nola funtzionatzen ari den uler dezan.

Adimen artifizialik momentuz ez

Aplikazioan adimen artifiziala sartzeko intentzioaz galdetuta, Irazokik ez du ikusten epe laburrean teknologia hori sar dezaketenik. "Aplikazio erraza da, eta datu gutxirekin lan egiteko gai da", erantzun du. "Proiektuaren hasieran gaude, eta beraz, lehenengo fase horretan ez da gure planetan sartzen teknologia hori erabiltzen hastea". Adina, jatorrizko herrialdea eta lehen zikloko datuak nahikoa dira etorkizunean izango diren zikloan interpretatzeko. Gaur egun, erabiltzaileen datuak erabiltzaileek baino ez dituzte eskuragarri, eta Iametzaren zerbitzarietan gordetzen dira, modu anonimoan.

Datuen interpretazioaz eta erabiltzaileari bere zikloekin lotutako datuak erakusteaz gain, aplikazioak blog bat ere badu

Datuen interpretazioaz eta erabiltzaileari bere zikloekin lotutako datuak erakusteaz gain, aplikazioak blog bat ere badu. Dibulgazio-blog horretan hainbat material daude, erabiltzaileei hilekoaren prozesu naturala hobeto ulertzen laguntzeko. Horrez gain, aplikazioak aukera ematen du galderak eta zalantzak uzteko, komunitateko gainerako kideek erantzun ditzaten eta, horrela, elkarri lagun diezaioten.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK