
Urtero Helsinkin (Finlandia) egiten den start-upen topaketa da Slush. Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, aurten topaketaren edizio berri bat egingo dute BECen, otsailaren 20an. Bertan, nazioarteko 200 inbertitzaile eta 150 bat start-up bilduko dira.
“Start-upen hazkundea bizkortzeko eta tokiko berrikuntza-ekosistemak nazioarteko komunitatearekin konektatzeko diseinatua” dago Slush topaketa. Aldundiaren arabera, ekitaldia “eskualdearen ezaugarri berezietara egokituko da”, eta aukera emango du “Europako iparraldeko eta Baltikoko ekosistemen” eta “Europako hegoaldean liderra den berrikuntzarako hub baten dinamismo ekintzailearen artean” harremanak egiteko.
Mundu mailako adituak, start-up arteko lehiaketa bat eta hainbat tailer izango dira topaketan, eta BayLoop Ventures, Cebek eta BBKren babesa du. Bestalde, bazkide estrategikoak dira ICEX, Endeavor, Google for Startups, Deloitte, Letslaw eta Letsfinance.
“Bilbao Slush’D 2025 ez da ekitaldi bat bakarrik, Euskadi munduarekin lotzen duen topagunea da. Europako iparraldeko berrikuntza tokiko ekintzailetza-senarekin fusionatuko dugu, enpresa-kulturen arteko zubiak eraiki, start-upak eskalagarritasun globalerantz katapultatu, eta Euskadi berrikuntzaren, jasangarritasunaren eta inpaktu disruptiboaren epizentro gisa kokatuko dugu”, adierazi du Elena Povici topaketaren zuzendariak.