25 urte bete ditu Goierriko enpresa ekimen berrien lehiaketak

Goiekiko urteurrena, omenaldi batekin eta enpresa ekimen berrien sari banaketarekin ospatu dute

Argazkia: Goieki Argazkia: Goieki

Goierriko Goiekiko Enpresa Berrien Lehiaketak 25 urte bete berri ditu eta ekitaldi berezi batekin ospatu dute urteurrena. Udalak, lehiaketako sortzaileak, enpresa babesleak eta beste zenbait eragile izan dira ospakizunean.

Ekitaldiari Ordiziako Alkate den Adur Ezenarrok eta Goiekiko Gerenteak, Iker Galparsorok, eman diote hasiera. Segidan, lehiaketaren jatorri eta eboluzioa kontatzen duen bideo erreportaje bat ikusteko aukera izan da, Goiekiko Youtubeko kanalean eskuragarri dagoena. Bideoak 25 urtetako ibilbidean parte hartu duten pertsonei egindako elkarrizketak jasotzen ditu, besteak beste. Halaber, lehiaketaren sortzaile izan ziren Juan Manuel Barandiaran Goiekiko Gerente Ohia, Niko Errasti Goiekiko Industria Arloko Arduradun Ohia eta Manuel Luna asmatzailea ere ekitaldira bertaratu dira. Bideoaren emisioa amaitzean, omenaldi txiki bat egin zaie.

Goierriko Enpresa Berrien Lehiaketak 25 urte bete dituen honetan, argi utzi nahi izan dute egin den ibilbidea eskualdeko eragile desberdinen kolaborazioari esker lortu dela, eta baita enpresek urtez urte eman duten babesari esker ere. Omenaldia borobiltzeko, telebistan, antzerkian eta zineman 23 urte daramatzan Nerea Garmendiak bakarrizketa saio bat eskaini du, umoretik ekintzailetza eta enpresa munduan negozioa aurrera ateratzeko egin behar den esfortzua balioan jarriz.

XXV. sari banaketa

Omenaldiaren ostean, Enpresa Ekimen Berrien sari banaketari ekin zaio. Goierrin ekintzailetza eta enpresa ekimen berrien sorrera bultzatzeko sortu zen sariketa hori duela 25 urte. Aurtengo edizioan, proiektu onenaren saria KAXOLArentzat izan da. Herritarrei kalitatezko eta gertuko lehengaiez osaturiko produktu goxoak eskaintzea du helburu, lehen sektoreari eta horien produktuei bultzada emanez, baserritar eta ekoizle berriei lehengaiak eraldatzeko aukera emanez, eta gizartearentzat kalitatezko lehengaiak eskura jarriz.

Enpresan buruturiko proiektu berritzaile onenaren saria, berriz, SUMINISTROS INDUSTRIALES GAMESA enpresarentzat izan da. Eraldaketa handia burutu du azken urteetan eta, hain zuzen ere, eraldaketa horrengatik izan da saritua. Berrikuntza kudeaketan, berrikuntza marketinean, berrikuntza prozesuetan eta berrikuntza zerbitzuetan jarri dute arreta, prozesua aurrera eramateko pertsonak erdigunean jartzeko metodologiak erabiliz.

Sari banaketak amaitu ostean, Goiekik jakinarazi nahi izan du, Lehiaketa sortu zenetik sarituak izan diren enpresen %70ek bizirik eta hazten jarraitzen dutela.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK