314 enpresa-proiektu abiatu dira Gaztenpresan 2022an, %80 zerbitzu sektorekoak

637 lagun enplegatu ditu, eta enpresen biziraupena %69koa da jaio eta bost urtera

 Inma Ramos eta Ibon Urgoiti Gaztenpresako zuzendari eta lehendakaria,  Gloria Múgica Lanbideko zuzendaria eta Cristina Dumitrescu, EIFeko investment managerra, gaur goizeko aurkezpenean | Argazkia: Laboral Kutxa Inma Ramos eta Ibon Urgoiti Gaztenpresako zuzendari eta lehendakaria, Gloria Múgica Lanbideko zuzendaria eta Cristina Dumitrescu, EIFeko investment managerra, gaur goizeko aurkezpenean | Argazkia: Laboral Kutxa

Iaz Gaztenpresak jaso zituen 3.212 eskaeretatik, 314 enpresa-proiektu bilakatu ziren, %80 zerbitzu sektorekoak, eta denera 637 enplegu sortuta. Gaztenpresako 2022ko memoriaren emaitzak dira, gaur goizean Inma Ramos eta Ibon Urgoiti Gaztenpresako zuzendari eta lehendakariak Donostian aurkezturikoak, Gloria Mugica Lanbideko zuzendari eta Cristina Dumitrescu, EIF Europako Inbertsio Funtseko investment managerrarekin batera.

Lorpenak xehe begiratuta, erdia baino zertxobait gehiago —169— Bizkaian jarri dira martxan; Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan, berriz, 69, 44 eta 32, hurrenez hurren. Era berean, enpresa guztien %63 hiriburuetatik kanpo sustatu dira, eta %56k enplegu gehiago sortu ditu, gehienak —%90— mugagabeak.

Ekintzaileei erreparatuta, batez beste 39 urteko izaten dituzte, gehiengoa 30 eta 50 urte bitartean kokatuta, eta %11 dira migratzaileak. Ekintzaileen %73k ez du unibertsitate mailako ikasketarik, eta ia erdiak —%47k— euren enplegua hobetzeko asmoz abiatu du negozioa, enplegu desegonkorretan edo lanaldi partzialetan aritu baitira ordura arte. Ramosek nabarmendu nahi izan du 2022an erdia emakumeak izan zirela, "duela asko ez baitzen halakorik ikusten" Gaztenpresaren kasuan.

Enpresen biziraupena ere azpimarratu du zuzendariak: %69k bizirik dirau jaio eta bost urtera, Eustatek erregistratutako %45aren gainetik, beraz. Orohar emaitzak ontzat jo dituzte Gaztenpresako arduradunek. Lanbideko zuzendariak hogei urteko elkarlana balioan jarri du, "emaitza onak" eman dituena. Dumitrescuk, bestalde, hitz onak besterik ez ditu izan programarentzat. "Esan behar da EIF, Laboral Kutxa eta Gaztenpresaren arteko elkarlana bikaina izan dela, geure aldetik behintzat. Ekintzaile asko dira bankuaren babes finantzarioa lortu dutenak, eta fundazioaren babes ez-finantzarioa. Mikrofinantzetan babes ez-finantzarioa ezinbestekoa da ekintzaileak bere ekintzailetza ametsa errealitate bihur dezan", plazaratu du.

Finantzaketari dagokionez, 245 kreditu eskaini dituzte, %82k kanpoko finantzaketa behar izan baitu. Inbertsioa batez beste 87.500 eurokoa izan da, eta batez besteko mailegua 36.812 eurokoa

Denbora eta sakrifizioa

Ramosek adierazi duenez, harago ere joan nahi izan dute martxan jarritako enpresa-proiektuek ekintzaileen bizitzan izandako inpaktua ezagutzeko, bai negozioa abiarazi dutenean, baita bost urtera ere. Hain zuzen, horiei loturiko emaitzak ere bildu dituzte memorian.

Proiektua abiarazitakoan, bi alderdi neurtzen dituzte: babesa jasotzeagatik zein alderdi baloratzen duten gehien, eta ekitea zein puntura arte izan den espero bezalakoa. Lehenengoari dagokionez, negozio plana eta finantzazioa lortzeaz harago, ezjakintasuna gutxitzea izan da ekintzaileek gehien baloraturikoa. "Ekintzailetza proiektu bat martxan jartzerakoan, porrot egitea izaten bada beldur ohikoena, ezjakintasuna gutxitzea ezinbestekoa da, jakiteko zer gertatu daitekeen eta horrekin erabakiak hartzeko. Ondo eginiko negozio-plana baduzu, horrek lagun zaitzake". Bigarrenari dagokionez, baina, ekintzaile gehienak esperotakoa baino sakrifizio handiagoa egin behar izan du, baita denbora gehiago dedikatu ere. 

Bost urteko epean, ekintzaileen bizitza zein puntura arte hobetu den galdetuta, gehien baloratzen diren alderdiak dira norbere gustuko horretan lan egitea, norbere arauen arabera, lan egonkortasuna izatea eta lan egonkortasuna. Kasu gehienetan ere negozioaren eta bizitza pertsonalaren arteko balantzeak hobera egiten du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK