Abian da lan orientazioari buruzko berrikuntza sustatzeko Nafarroako zentroa

Nafar Lansarek garatu du proiektua, eta bi egoitza izango ditu, Burlatakoa eta Tuterakoa. Aste honetan ireki dute zentroan jarduerak antolatzeko enpresa eta erakundeentzako deialdia

Argazkia: Nafar Lansare Argazkia: Nafar Lansare

Nafarroako gobernuko Eskubide Sozialetako departamentuak lan orientazioari lotutako proiektu berritzaileak bultzatzeko zentro bat jarri du martxan: Enplegurako Orientazio, Ekintzailetza eta Berrikuntza Zentroa, hain zuzen ere. Proiektua Nafar Lansarek garatu du, eta lan esparruan txertatzeko bide berriak aztertu nahi ditu, arlo horri lotutako berrikuntza, ekintzailetza eta prospekzioa sustatuz. Hala, laneratzeari eta kalitatezko enpleguari lotutako aurrerapausoak eman nahi dira.

Zentroak bi egoitza izango ditu, bata Burlatan, Iturrondo Enplegu Integraleko agentzian, eta bestea Tuteran. Gobernuak asteartean argitaratu zuen lizitazioa, eta dagoeneko zabalik dago enpresa eta erakundeek bertan egiteko jarduerak proposatzeko epea. Irailaren 22 izango da horretarako azken eguna. Aurreikusitakoaren arabera, urtean 30 eta 50 jarduera inguru egingo dira. Ekintzak indibidualak zein taldekoak —10 eta 20 lagun bitartekoak— izan ahalko dira, eta gehienez 100 orduko iraupena izan ahalko dute. Gainera, zentroak oinarrian izango du Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoaren lan plana, printzipioz urtero onartuko dena. Plan horrek jasoko ditu, besteak beste, lan orientazioari eta bitartekaritzari lotutako ekintza eta proiektu berritzaileak, baita ekintzailetza eta proiektu pilotuen ereduak, eta langileentzako formakuntza jarduerak ere.

Aurrekontuari dagokionez, 926.000 euro inbertituko dira ekintzetan. Proiektua Next Generation funtsen bitartez finantzatuko da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK