BAT, martxan

Bilboko B Accelerator dorrea martxan da dagoeneko, atzotik. Une honetan %80ean dago beteta, eta enpresa handi zein start-upak ari dira bertan lanean

Agintariak eta dorreko arduradunak, atzo goizeko inaugurazioan | Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia Agintariak eta dorreko arduradunak, atzo goizeko inaugurazioan | Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia

Bilboko Bizkaiko dorreko 6. solairutik hiriko teilatu ugari ikus daitezke. Baliteke etorkizuna beste ikuspuntu batetik begiratzeko aukera eskaintzea horrek, metaforikoki, noski. Poesia alde batera utzita, baina, solairu hori da BAT B Accelerator Towerreko lehena. Zentroa hori nazioarteko ekintzailetza zentro izateko asmoz sortu dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko udalak, Price Waterhouse Coopers (PwC) aholkularitzak eta Talent Garden eta Impact Hub sareek kudeatuko dutena, eta abian da dagoeneko. Lehen enpresak hilaren 5ean iritsi baziren ere, atzo egin zen irekiera ofiziala.

Eskainitako datuen arabera, une honetan zentroaren % 80 dago beteta. Guztira, 220 erakunde inguru daude bertan, horietatik 40 bat start-up, 30 enpresa, esparru akademikoko 50 eragile eta 100 bat inbertsiogile eta funts. Enpresen artean, euskal jatorrikoak dira gehienak, hala nola BBK, BBVA, Ibermatica, Euskaltel edo Arteche. Start-upei dagokienez, berrikuntza eta punta-puntako teknologien esparruan ari diren enpresak dira nagusi, besteak beste, quantum, adimen artifiziala, big data, edo IOTri lotutako gaietan dabiltzanak. Kasu horretan, badira ibilbide luzeagoa duten start-upak, baina baita askotariko azelerazio programetan parte hartzen ari direnak ere. Zentroarekin bat egin duen azken entitatea Google for start-ups da, eta horrek sarbidea emango die dorreko enpresei Gravity campus delakora eta mentoring programetara. Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren hitzetan, "errealitate eginiko ametsa" da , "eraldaketa proiektua".

BATek guztira zortzi solairu izango ditu, seigarrenetik hamahirugarrenera. Momentuz, lehenengo lauak egokitu dira, guztira, 4000 m2 inguruko espazioa. Dena den, Errementeriak igararri du "datorren urtean" abiatuko direla bigarren faseko lanak. Horietan, gainontzeko lau solairuak egokituko dira, hamargarrenetik hamahirugarrenera, alegia. Aipatutako solairuak alokatu egin ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Izan ere, Beraunberri eta Onchena funtsak dira egun dorrearen jabeak, Galíndez eta Ybarra familienak —biek egoitza soziala Madrilen dutenak, Cronica Vascak jakinarazi zuenez—.

Elkarlana eta loturak

Atzo goizeko inaugurazioan, Errementeria ez ezik, Iñigo Urkullu lehendakaria, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Gonzalo Sanchez PwCren presidentea Espainian, eta Davide Dattoli Talent Gardeneko fundatzaileetako batek ere parte hartu zuten. Denek ala denek nabarmendu zuten zentroak eskaintzen duen aukera "elkarlanerako", bai nazioarteko, bai tokikoa, eta publiko-pribatua. Aburtok hitz jokoa egin, eta esan zuen proiektuaren helburua dela "bat eginik" joatea. Elkarlanaz harago, askotariko loturak egiteko beharra azpimarratu zuten.

Urkulluk nabarmendu zituen "lurraldea berrasmatzeko borondatea eta proiektu ekintzaileari bultzada emateko indarra". Azken honi lotuta, azpimarratu zuen "ekintzaileek eraikitako herria" dela "gurea. Egun, ekarpena egingo duten ekintzaileen beharra dugu. Enpresa belaunaldi berri bat behar dugu". Zentzu horretan, Sanchezek esan zuen EAEk "oinarri bakanak dituela berrikuntzarako", eta nazioarte mailan "erreferente gisa kokatzeko ekintzailetza teknologiko aurreratuan", besteak beste, "BPGaren %2,31 inbertitzen baita berrikuntzan". Dattolirentzat, bestalde, dorreak aukera eskaintzen du "garai konplexuei" aurre egiteko, eta "Bilboko etorkizuna eraikitzeko".

Proiektuak Eriz Sainz Gurtubai izango du zuzendari, eta Jordán Guardo izango du ondoan. Guardok ere aurkezpena egin zuen atzo, batik bat, elkarlana eta loturak bultzatzeko eskainiko diren tresnak aurkezteko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK