BBK Ekinek gizarte-eragin positiboa duten hiru ekintzailetza proiektu saritu ditu

Jasotako 67 proposamenetatik, erakundeak 25 proiektu babestu ditu, eta lau hilabeteko prestakuntzan beren negozio-plana garatzeko aukera izan dute

BBK Ekineko sarituak | Argazkia: BBK BBK Ekineko sarituak | Argazkia: BBK

‘Landatu Solar’ (eguzki-instalazioetarako flotagailuak), ‘Clinixy’ (diagnostiko medikorako AA plataforma) eta ‘Basq’ (moda birziklatua) ekintzaileak saritu dituzte BBK Ekinen bigarren edizioan, oinarri berritzailea eta gizarte-eragin edo inpaktu sozial positiboa duten eta inkubazio-fasean dauden ekimen proiektuei laguntzeko programan. Aurkezturiko 67 hautagaitzetatik BBK Ekinek 25 proiektu babestu ditu, lau hilabeteko prestakuntzan beren negozio-plana garatzeko aukera izan dutelarik.

Cristian Martinek, Alfredo Solanok eta Juan Pedro Solanok irabazi zuten lehen saria, 10.000 eurokoa, ‘Landatu Solar’ proiektuarekin. Negozio hori eguzki-instalazio flotatzaileetarako flotagailuak saltzera eta horrelako instalazioak diseinatzera bideratuta dago. 

Mabel Pumar Armadak jaso zuen bigarren saria, 5.000 eurokoa, ‘Clinixy’ proiektuagatik. Adimen Artifizialeko plataforma bat da, eta diagnostikoa eta ikerketa medikoa errazten ditu, osasun-arloko profesionalek pazienteentzako neurrira egindako tratamenduak zehaztu ditzaten.

Eta hirugarren eta azken saria, 2.500 eurokoa, Aitor Alvarezi eman zitzaion, bere ‘Basq’ ekimenari esker: % 100 birziklatutako arropa eta zapatilak, ozeanoak gehien kutsatzen dituzten hondakinetatik, hala nola plastiko eta pneumatikoetatik, abiatuta.

Oihane Aldayturriagak, BBK-ko Talentu eta Ekintzailetza arduradunak, adierazi duenez, programa hau ekintzailetzaren funtsezko une batean heldu da, inkubazio-fasean, sortzaileek negozio-eredu bideragarri bihurtu behar duten ideia bat dutenean. “Edizio bakoitzean 25 proiekturi lagunduz, balio handiko proiektu eta ekintzaileen harrobia sortzen ari gara Bizkairako”. 

25 proiekturentzako laguntza

Bigarren edizio honek askotariko gaiak (osasuna, giza eskubideak, energia edo moda, besteak beste) jorratzen dituzten 67 negozio-proposamen jaso ditu. BBK Bizkaian ekonomiaren hazkunderako aukerak sortzera eta gizarte-berrikuntzaren garapena sustatzera bideratutako ekintzailetza-ekimen horietako 25 bultzatzeko.

Lurraldearen lehiakortasun jasangarriaren aldeko apustuan, ekintzailetza bultzatzea da BBKren gizarte-ekintzaren ildo estrategikoetako bat. Programa joan den maiatzean hasi zen eta lau hilabeteotan zehar garatu da. Hautatutako ekintzaileek inkubazio-programa oso bat burutu dute, non beren gizarte-enpresa egituratu eta baliozkotu ahal izan duten, beren ingurunean eragina izango duen negozio iraunkor edo jasangarri bat sortzeko helburuarekin. Prestakuntza-programak plataforma digital propio baten bidez eta aurrez aurreko saioak konbinatuta egin dituzte. Ekintzaile bakoitzak mentore baten laguntza izan du uneoro. Ondoren, programa amaitu ostean, proiektu hautatuek negozio-plan bat garatu ahal izan dute, eta dagoeneko badute laburpen exekutibo bat, balizko inbertitzaileen aurrean aurkezteko prest.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK