Bihar itxiko da 'Iruña, Ekintzaile' programan parte hartzeko epea

Aurtengo edizioan ekonomia berdeari eta jasangarritasunari lotutako negozio ideia berritzaileak aurkeztu daitezke deialdira

Iturria: CEIN Iturria: CEIN

Iruñeko Udalak eta CEIN Nafarroako enpresa eta berrikuntzarako sozietate publikoak Iruña, ekintzaile.Ekonomia berdea formakuntza programaren bigarren edizioa jarri dute martxan, eta bihar bukatuko da proiektuak aurkezteko epea.

Edizio honetan jasangarritasun eta ekonomia berdeari lotutako egitasmoek parte hartu ahalko dute, baita energia, efizientzia, birziklatzea eta ekonomia zirkularrari lotutako proiektuek ere. Formakuntza programaren bitartez negozio ideia berritzaileak garatzeko tresnak eskaini nahi dituzte Iruñako Udalak eta CEINek.

Izena ematen dutenen artean 20 pertsona hautatuko dituzte, eta 300 orduko formakuntza programa eskainiko zaie, irailan hasi eta abenduan bukatuko dena. Besteak beste, sormena, berrikuntza, marketina, finantzazioa eta salmentak izango dituzte hizpide. Horren bitartez ekintzaileek euren ideiak definitu eta lantzea lortu nahi dute, enpresa proiektuetan gauzatu daitezen. Helburuan laguntzeko askotariko adituak izango dituzte bidaide, bai mentoreak, bai ekonomia berdeari lotutako adituak.

Izen-ematea online egin daiteke, Iruñeko Udalaren zein CEINen webgunean.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK