
Areta Lorea Markalain iruindarrak txikitatik izan ditu gustuko animaliak eta horrek bultzatu zuen nekazal ingenieritza ikastera NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Belgikan Erasmusa egin zuenean ere abereen etologiari buruzko ikasgaia hautatu zuen. Gasteizen, Neiker nekazal ikerketa eta garapenerako euskal erakundean izan zen urtebetez ardiekin lanean, etologia kontuak aztertzen, eta gerora Donibane Garazi ingurura joan zen, bertan bost urtez bizi izan zelarik.
Loreak Iparraldean ezagututako landa eremua faltan nabaritu zuen Iruñean, eta “nekazaritzaren sektorea egoera txarrean" zegoela sumatu zuen. Ekoizpen klasikoan jardutea zaila iruditu zitzaion, ez zeukalako lur propiorik, eta ez zuelako ustiapen handi batean lan egin nahi. Horren ordez, inbertsio txiki eta desberdinago bat bilatzen aritu zen, ahalik eta modu estentsibo eta ekologikoenean lan egin ahal izateko, non “salmenta zuzena" gauzatuko zuen, ahalik eta bitartekari gutxienekin”.
Angora arrazako ahuntzen hilea bi zentrimetro hazten da hilero eta urtean 3,5 kilo oihal sortzea ahalbidetzen du ahuntz bakoitzak
Ideia hori gauzatzeko helburuarekin, duela urte eta erdi Bilobila enpresa jarri zuen martxan. Nafarroako Piriniotan dagoen Aezkoa ibarreko Abaurregaina herrian alokatutako lurrak lantzea otu zitzaion; izan ere, bere aita han jaiotakoa da. Lursaila txikia zen, hiru hektareakoa, baina “hasteko ongi" zegoela dio iruindarrak. Berarentzat lehentasunetako bat borda herritik ahalik eta gertuen egotea zen, “eguneroko lana errazteko”. Abaurregainatik bi kilometrora dago ustiategia.
Angora arrazako hemeretzi ahuntza erosi zituen Bretainian, Euskal Herrian ez baitzeuden eskuragai. Turkiar jatorriko ahuntz arraza hori aspalditik hazi izan da Europan eta mundu osoan, batez ere Hego Afrikan. Artilea ekoizteko baliatu izan da, haragia eta esnea baino. Ahuntz horien ilea bi zentimetro hazten da hilero, eta urtean ahuntz bakoitzak 3,5 kilo oihal sortzea ahalbidetzen du.
Kalitate goreneko zuntza lortzeko lan-sistema
Ahuntzak “urtero bi aldiz” mutiltzen ditu. Normalean neguan eta udan mozten zaie ilea, baina Loreak “negua oso hotza” dela dio. Horregatik “udaberrian eta udazkenean mutiltzea” nahiago du. Langile batek egiten du espresuki, eta gero hiru taldetan sailkatzen dituzte ardiak euren ezaugarrien arabera.
Prozesuaren hurrengo pausoa zera da: artilea eraldatzea Frantziako Castres hirian. Eureka izeneko elkarte bateko bazkidea da Lorea, eta bertako kide guztiek artilea aldi berean bidaltzen dute Frantziara. “Ekoizle txikiak gara, industrian saltzea ez da erraza bolumen oso handiak behar baitira; beraz, elkarteko kide guztiek toki berdinera jotzeak prozesua errazten du”, azaldu du abeltzainak.
Areta Lorea (Bilobila): “Ekoizle txikiak gara, industrian saltzea ez da erraza bolumen oso handiak behar baitira; beraz, elkarteko kide guztiek toki berdinera jotzeak prozesua errazten du”
Castresen artilea orraztu eta tindatu egiten dute, baita, batzuetan, pilotak edo jantziak eratu ere. Ostera, oihala lantzen amaitu eta salmentan jartzen du Loreak. Prozesu honen emaitza mohair deituriko ehuna edo zuntzaz egindako ohiala da. Luxuzko zuntza da, oso fina, eta isolatzaile ona, usainik aditzen ez duena, erraz traspiratzen du eta. Gainera, kolorea oso ongi xurgatzen du, eta beraz, material aproposa da kolore biziekin tindatzeko. Loreak dioenez, zuntz horrek ez du zerikusirik sintetikorik, arina da, eta asko berotzen du.
Urteko gainerako egunetan, Loreak ahuntzak zaindu eta neguan egunero bitan bazkatzen ditu. Oso ahuntz txiki eta lasaiak dira (emeak batez ere), eta horrek lana errazten diola aitortu du. Udan autonomoagoak dira. Halaber, bestelako lan batzuk ere egin behar izaten ditu: belarrak sartu, animalien apatxak moztu, ura ekarri...
Salmentak, azoketan eta online
Bilobilak bai azoketan, bai online saltzen du. Azken honi ematen dio lehentasuna: “biztanleri-gune handietatik urrun bizi naiz, eta ahuntzekin egotea behar dut”. Hala ere, Loreari gustatzen zaio ere azoketan parte hartzea eta “bezeroekin harremana sortzea”. “Bezero finko batzuk” jadanik lortu ditu.
Salmentak poliki doazte gorantz, ez baitago kopuru handirik eskaintzeko. Neguan gehiago saltzen duela nabaritzen du Loreak: “Oihal hau negukotzat hartzen da eta Gabonetak aitzaki aproposa dira harekin egindako fular edo galtzerdiak oparitzeko".
Areta loreak batez ere Euskal Herrian, Katalunian eta Madrilen saltzen du. Nazioarteko artile-azoka batean parte hartu izan du, non Estatu Batuetako, Ingalaterrako eta Japoniako ehunak erakusten ziren. Dena den, ez da bere helburua indarrez esportatea, baizik eta “ahalik eta hurbilen saldu eta ekoiztea, zikloa ahalik eta txikiena izanik”.