Biovaskek jaso du Enpresa Ekimen Berriaren saria

Aizkorpe kafetegia, Biok Zerbitzuak eta Silver Muin Boxen egindako lana ere aitortu du epaimahaiak

Enpresa Ekimenean sarituak, gaur goizeko ekitaldi ostean | Argazkia: EnpresaBIDEA Enpresa Ekimenean sarituak, gaur goizeko ekitaldi ostean | Argazkia: EnpresaBIDEA

Enpresa ekimen berrien XXVI. sariak banatu dira gau goizean. Goiekik antolatua eta Goierri bailarako hainbat eragilek babestuta, eskualdeko hainbat eragile batu ditu gaur Idiazabalen (Gipuzkoa), Amporen balbulen eraikinean.

Enpresa Ekimen Berri Onenaren saria Biovask izeneko proiektuak irabazi du, egungo proteina eskaintzan alternatiba jasangarriko soluzioa landu eta garatu nahi duena. Proiektuaren oinarrian da intsektuen erabilera, besteak beste, abereak elikatzeko, eta aldi berean ekonomia zirkularra tertatzea intsektu horien elikaduran. Epaimahaiak nabarmendu ditu, besteak beste,  proiektuaren proiekzioa eta egiten duen ekarpena, ekonomia zirkularraren kontzeptuaren integrazioa, eta ekintzailearen konpromisoa eta dedikazioa besteak beste. Dedikazioari, iraunkortasunari eta proiektuan jarritako ilusioari saria ere badela nabarmendu du Unai Llorente sortzaileak.

Enpresan buruturiko proiektu berritzaile onenaren saria Biok Zerbitzuak SL enpresarentzat izan da, Ibon Calvillo zuzendariaren eskutik, zerbitzuetako enpresa bat izanik, eraldaketa digitalean murgilduta produktu propio eta berritzailea atera izanagatik. Ekintzailetzaren bitartez garatutako gizarte proiektu onenaren saria, aldiz, Ana Corduneanuk jaso du Aitzkorpe Kafetegian eginiko lanagatik, ibilbide pertsonalean aurkitutako zailtasunez harago, herri txiki bateko proiektu bati jarraikortasuna eman izanagatik, ekintzailearen kultura propioa eta bertakoa uztartuta. "Emozioz jaso dut. Herriari poza emateko modua da".

Enpresa proiektuak ez ezik, Administrazio eta Finantza graduan garatutako ekintzailetza proiektu garapen onenaren saria ere banatu dute, landutako ideiaren garapenaren kalitate eta lan proposamena abiapuntu hartuta. Izan ere, enpresen arazo erreal eta jakin bati ikasleek irtenbidea bilatzea da saritzen dena. Ane Zubeldia, Nereba Garmendia eta Iker Aragónentzat izan da saria, Silver Wind Boxi bilatutako soluzioa dela eta.

Sari banaketaren testuinguruan, ZTIM bokazioei, eta bereziki emakumezkoen ZTIM bokazioei buruz hausnartzeko plaza ere eskaini dute. Horretarako, euren ibilbideaz eta bertan topatutako zailtasunez aritu dira Ane Mintegi tenista profesionala, Leire Colomo Ampoko Berrikuntzako arduraduna eta Alicia Risueño Geolaneko bazkidea. Ikuspegi desberdinak izanagatik ere, denek nabarmendu dute aurrera egiteko gogoa gako izan dela euren ibilbideetan, baita familiak jokatu duen rol garrantzitsua ere.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK