Bizkaiko Foru Aldundiak 8 milioi euro bideratuko ditu lurraldeko enpresa sarea sendotzera

Enpresa txiki eta ertainen lehiakortasunean eta nazioartekotzean laguntzeko hiru programa jarriko dituzte martxan

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomia Sustatzeko Sailak 8 milioi euroko inbertsioa egin du lurraldeko enpresa sarea sendotzeko asmoz, eta horretarako hiru laguntza programa berri aterako ditu: Berrikuntza eta Inbertsio Aurreratua Sustatzeko 2i Programa, nazioartekotzeko laguntzen deialdia eta Bizkaia Sortzailea programa.

Lehen bi egitasmoetara 5,2 milioi eta 2,2 milioi euro bideratu dira hurrenez hurren. 2i planaren bidez, lurraldeko enpresek “lehiatzeko, berritzeko eta teknologiaren aldetik aurreratuak diren inbertsioak egiteko aukera izango dute”. Nazioartekotzeko laguntzen bidez, 5 eta 100 langile arteko enpresa txiki eta ertainak nazioarteko merkatu berrietan sartzea bultzatuko da, eta Bizkaia Sortzailea programaren bidez, enpresa-proiektu sortzaileak, negozio berrien garapena eta produktu sortzaileen nazioarteko sustapena bultzatu nahi du aldundiak.

Laguntza jasotzeko proposamenak martxoaren 4tik 22ra bitartean aurkezteko aukera izango dute lurraldeko enpresek. Bizkaia Sortzailea programan parte hartzeko, aldiz, izena emateko epea apirilaren 29an irekiko da, eta maiatzaren 31ra arte egongo da zabalik.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK