Cichorium, Ekhi Gold, O’Taste eta Ondoegone Laboratoire proiektuek parte hartuko dute Inkuba Sarean

Hiru astez Azti, Intia eta Agour Etxearen jarraipena eta aholkularitza jasoko dute Food Tech sektoreko lau start-upek.

Argazkia: Azti Argazkia: Azti

Start-upak azeleratzeko Inkuba Sarea programan parte hartuko duten proiektu berriak aukeratu dituzte. Agour Etxeak, Intia sozietate publikoak eta Azti zentro teknologikoak sustatuko egitasmoa da Inkuba Sarea, eta elikagaien sektorean (Food Tech) hasi berriak diren enpresei laguntzea du helburu.

Lau enpresa aukeratu dituzte: Cichorium, Ekhi Gold, O’Taste eta Ondoegone Laboratoire. Hiru astez murgilduko dira Agour, Intia eta Aztiren aginduetara. Azelerazio programa joan den asteazkenean hasi zen Aztik Derion (Bizkaia) dituen instalakuntzetan. Gero, Intiak Atarrabian (Nafarroa) duen espazioan izango dira, eta azkenik Agourren Heletako (Nafarroa Beherea) instalakuntzetan.

Ideiak merkatura helarazteko beharrezkoak diren faseetan prestakuntza eta laguntza eskainiko diete. Gainera, sareko kide berri bakoitzak jarraipen eta mentoring pertsonalizatua izango du proiektuaren inkubazio, azelerazio eta nazioartekotze prozesu osoan. Horretarako, Inkuba Sareak 75.000 euroko dirulaguntza jaso du Euroeskualdearen Berrikuntza Proiektuen Deialdiaren esparruan.

Cichorium Tuterako enpresa da, endibian espezializatua. Ekhi Gold Beran sortutako proiektua da, eta urrearekin estalitako moldeko bonboiak ekoizten ditu. O´taste Israeko start-up bat da, eta jakiak gozotzeko teknologia patentatu berritzaile bat sortu du. Azkenik, Ondoegone Laboratoire Nafarroa Behereako Uhartehirin dagoen laborategia da. Gaur egun, bi markekin egiten dute lan: OndoTerra eta Oihana.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK