Ekindakoaren argiak eta ilunak

Lehen aldiz emakumeek enpresa gehiago sor dituzte EAEn gizonek baino. Hala jaso du Euskal Ekintzailetzaren Behatokiak garaturiko GEM txostenak. Proiektua martxan jartzerakoan, baina errenta baxuagoa izaten da abiapuntua. Eta oraindik ezagutzeke dago zein den sortzen duen errenta. Hain zuzen hori ere neurtzea da EmakumeEkinen aldarrikapenetako bat, azaroaren 19an aurkezturiko manifestuan jaso zuena

EmakumeEkinen manifestuaren aurkezpena, azaroaren 19an, Donostian | Argazkia: EmakumeEkin EmakumeEkinen manifestuaren aurkezpena, azaroaren 19an, Donostian | Argazkia: EmakumeEkin

18 urte dira EAEko GEM ekintzailetzaren behategiko urteroko txostenean genero-ikuspegia txertatzen hasi zenetik. 4.300 ekintzaileri eginiko inkestak osatzen du lagina, baita ekintzailetzan aditu den talde batek ere. 2004an aztertu zen lehen aldiz, eta orduan 5 puntuko aldea zegoen ekintzaile ziren gizonezkoen eta emakumezkoen artean. “EAEn aurten lehenengo aldia da emakumeak portzentualki gainetik daudela enpresen sorreran: % 0,5”, nabarmendu du Maria Saiz Santos ikertzaile eta EEB Euskal Ekintzailetzaren Behatokiko lehendakariak.

2021-2022ko txosteneko ondorioetako bat da, eta datuok erreferentzia egiten diote oso hastapenetan dauden ekintzaileetatik hasi eta hiru urte arteko proiektuetaraino. “Eta hor pertsona indibidualen arriskua neurtzen dugu, ez enpresena”, argitu du Saizek. Benetako joera aldaketa izaten ari den edo zerbait puntuala, datozen urteetako bilakaeran ikusi beharko da.

Txostenean jasotakoaren arabera EAEko emakume ekintzailearen profila 43 urtekoa da —44 gizonezkoena—. %22,7 graduondoko ikasketak ditu, eta % 38,1 gradukoak — %18 eta %38,6 hurrenez hurren gizonezkoen kasuan.

“Orokorrean, oso pertsona formatuez ari gara, portzentaje handi batean unibertsitate edo gradu osteko formakuntza dutenak. Eta errenta altua da abiapuntua”, dio EEBko lehendakariak. Hala ere, badago irakurketan egin beharreko ñabardura, Saizen hitzetan: “Generoa kontuan hartzen badugu, emakumeok formakuntza altuagoa dugula, batez ere graduondokoa eta doktoretzakoa, baina ekintzailetza proiektuan hasten gara errenta askoz baxuagoarekin”.

Abiapuntuko inbertsioa, ia erdia

Bestela esanda, errenta altua duten eta ekintzailetzan abiatzen diren gizonezkoen portzentajea %45ekoa da GEMen arabera. Emakumezkoen kasuan, berriz, %34koa. “Horrek baliteke proiektua martxan jartzeko kapital hazian edo inbertitzen dugunean eragitea, bankuek diru gehiago emango diotelako diru gehiago duenari”, adierazi du EEBkoak.

Izan ere, proiektu ekintzailea martxan jartzeko hasierako inbertsioa batez beste 20.000 eurokoa da EAEn: emakumeen kasuan, 16.201 eurokoa; gizonezkoenean, berriz, 30.000 eurokoa. “Errealitatea da bankuek dirua ematen dietela batez ere kontsolidazio fasean dauden proiektuei. Hastapenetan zuk zure errekurtsoak dituzu abiapuntu gisa gehienetan, zure ingurukoak, eta horregatik da garrantzitsua abiapuntu errenta”, esan du Saizek.

Proiektu ekintzailea martxan jartzeko hasierako inbertsioa batez beste 20.000 eurokoa da EAEn: emakumeen kasuan, 16.201 eurokoa; gizonezkoenean, berriz, 30.000 eurokoa

Prestakuntza finantzarioan, ordea, pertzepzioa oso bestelakoa da. Aurten lehen aldiz galdetu eta neurtu dute zein puntura arte gizarteak sentitzen duen gaitasuna duela errekurtsoak eskatzeko proiektu ekintzailea martxan jartzeko. “Bitxia badirudi ere, emakumeek gaitasun gehiago dutela sentitzen dute gizonezkoek baino. Izan daiteke zailtasunak izateak esfortzu gehiago egitera eramatea”, gaineratu du. Oraindik ikusteke dago horren bilakaera.

Beharra nagusi

Ekiteko arrazoiak, baina, aldatu egin dira pandemiaz geroztik. “Lehen aukeragatik ekiten genuen; egun, batez ere, beharragatik egiten dugu —%69,3 gizonezkoen kasuan, %64,4 emakumezkoenean—. Eta emakumeen eta gizonen arteko aldea nonbait badago, honakoa da: emakumeak gehiengo dira familia negozioarekin aurrera jarraitzeko garaian —%17,2, %14,4ren aldean—“, plazaratu du ikertzaileak.

Maria Saiz: “Lehen aukeragatik ekiten genuen; egun, batez ere, beharragatik egiten dugu. Eta emakumeen eta gizonen arteko aldea nonbait badago, honakoa da: emakumeak gehiengo dira familia negozioarekin aurrera jarraitzeko garaian"

Datuen arabera, gainera, emakumeak askoz kontserbadoreagoak izan dira enplegua sortzerako garaian ekintzailetzatik. “Gizonek enplegu gehiago sortu dute eta enpresa handiagoak sortzen dituzte, baita enplegu gehiago ere. Eta nahiz eta formakuntza objektiboko maila altuagoa izan, prestakuntza gutxiago dugula sentitzen dugu, eta porrot egiteko beldur handiagoarekin”, nabarmendu du Saizek, GEMeko datuetan oinarrituta. Barne ekintzailetza da beste erronka bat: gora egin du bai gizonezkoen bai emakumezkoen kasuan, baina lehenengoan %2,3koa da, eta bigarrenean %1,9.

Hala ere, EAEn beste tokietan baino hobe planifikatu da parte digitala, txostenak jasotzen duenagatik. Hain zuzen, emakumeen lidergoa duten enpresak izan dira COVID-19 aurreko planifikazio digital handiagoa izan dutenak —%52,6; gizonezkoena, berriz, %48,7—. Eta gauza bera gertatzen da gizarte- eta ingurumen-konpromisoarekin: “askoz presentzia handiagoa du emakumeengan, gizonengan baino”, azpimarratu du Saizek.

Lan egiten jarraitzeko beharra

Saizen ustez, GEM txostenak genero-ikuspegitik gutxi gora behera alderdi nagusiak hartzen ditu aintzat. Aldiz, haren iritziz badago beste alderdi bat gehitu daitekeena txostena osatze aldera: ekintzailetzak berak sortzen duen errenta, bizitza maila. ”Badago beren langileak baino diru gutxiago irabazten ari direnak, proiektua ekiteagatik. Uste dut hor aldagai bat izango litzatekeela gauza asko aditzera emango zituzkeenak”, gehitu du.

Ildo beretik doa EmakumeEkin EAEko emakume ekintzaileen eta enpresarien elkarteko aldarrikapenetako bat. 150 bazkidetik gorako sarea da. “Soldatapekoen artean % 19,5 izaten den soldata arrakala hori, ez dugu ekintzailetzan ezagutzen”, esan du Miren Lauzirika Jauregi elkarteko presidente eta Art for lifeko sortzaileak. “Hau da, emakume eta gizonen artean zenbat irabazten duten batzuek eta besteek, zenbat kotizatu, zenbateko mozkinak dituzten. Uste dugu interesgarria dela hori jakitea, gerora, administrazioak akzioak hartu behar baditu”, gehitu du.

Miren Lauzirika: "[Jakin beharko litzateke] emakume eta gizonen artean zenbat irabazten duten batzuek eta besteek, zenbat kotizatu, zenbateko mozkinak dituzten. Uste dugu interesgarria dela hori jakitea, gerora, administrazioak akzioak hartu behar baditu"

Azaroaren 19an, hain zuzen, manifestua aurkeztu zuen elkarteak Donostian, eta “desberdinkeria ekonomikoa” neurtzea zen dokumentuan jasotako lehen aldarria. “Badirudi soldatapekoen artean, denok dugula barneratuta akzio bereziak egin behar direla, baina uste dugu emakume ekintzaileen errealitate hori ez dela guztiz ezagutzen. Beharrezkoa da hori ikusaraztea”, esan du Lauzirikak.

Zaintza kotizazioa eta berrikuntza laguntzak

Manifestuan jasotako bigarren alderdia da adingabeko eta menpekotasuna dutenen zaintzan aritzen direnentzat kotizazio-kuota sustatzea, batez ere kontuan izanda zaintza lanetan dagoen “aldea” emakume eta gizonen artean eta horrek emakume ekintzaileen garapenean izan dezaken “kalteagatik, batez ere pentsioak jasotzerakoan. Uste dugu interesgarria izango litzatekeela ikustea zer gertatzen den, eta kotizazio neurriren bat hartzea, itsasoko langileei aplikatzen zaienaren antzekoa”, kontatu du Lauzirikak.

Hirugarren eta azkeneko alderdia da I+Dari lorturiko laguntzetan genero-ikuspegia txertatzea. “Alegia, neurtzea gaur egun enpresari eta industriari ematen zaizkien laguntzetan zein proportzio dagoen emakume eta gizonen lidergopean dauden enpresen artean”, argitu du EmakumeEkineko presidenteak. “Baldintzetan, esaterako, batzuetan enpresen tamaina hartzen da aintzat. Eta uste dugu, halakoekin, nahigabe, balitekeela emakume asko kanpoan geratzea. Ez dugu esaten hala denik. Besterik gabe, neurtu behar dela, ikusteko”, esan du Luzirikak.

Manifestuan jasotako bigarren alderdia da adingabeko eta menpekotasuna dutenen zaintzan aritzen direnentzat kotizazio-kuota sustatzea, [...] eta hirugarrena I+Dari lorturiko laguntzetan genero-ikuspegia txertatzea

Zentzu horretan, GEM bezalako txostenak “asko baloratzen” dituzte EmakumeEkinetik. Baina neurketa gehigarriak beharrezkoak direla diote, datuak “beste argitasun batekin” izateko.

Guztira, hamahiru elkartek sinatu dute manifestua, ekintzailetza eta genero-ikuspegiari loturikoak den-denak. “Mugarri garrantzitsua da gure ustez”, nabarmendu du Lauzirikak. Hala ere, epea zabaldu dute eragile gehiagori atxikitzeko aukera emateko, eta Legebiltzarreko alderdiei ere aurkeztuko diete manifestua.

Laguntza eta ahalduntzea

Bitartean, elkartetik lanean dihardute. “Ez dugu bakarrik bazkideentzat lan egiten, baizik eta emakume ekintzaile guztientzat, gure ekimen guztiak irekiak baitira”, argitu du Lauzirikak. Batetik, askotariko formakuntza eta tailerrak egiten dituzte; bestetik hainbat programak dituzte, “barne gabeziak edo mugak gainditu eta mahai gainean jartzeko”.

Programa horietako bat da Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik garatutako Nesworking progress, Bizkaiko emakume ekintzaileentzat. “Helburua da sufrimendurik gabe saltzea. Salmentan pentsatzean, iruditegi maskulinoa etortzen zaigu burura, balio batzuekin, ikonografia jakin batekin. Eta uste dugu emakume ekintzaileok ez garela identifikatuta sentitzen egiteko modu horrekin”, esan du Art for lifekoak. Norberak bere burua nola saldu aztertu eta topatzea da programaren helburua. Rolak berriro “aztertu behar ditugula” dio Lauzirikak estereotipoetatik harago joateko, baina “beste estereotipo batzuetan” sartu gabe. Programa horrez gain, EAEn badira administrazioetatik bultzaturiko bestelako programak, hala nola Emekin —Gipuzkoako Foru Aldundiarena— eta Andrekintzaile —Bizkaiko Foru Aldundiarena—.

Bitartean, elkartetik lanean dihardute. “Ez dugu bakarrik bazkideentzat lan egiten, baizik eta emakume ekintzaile guztientzat, gure ekimen guztiak irekiak baitira”, argitu du Lauzirikak. Batetik, askotariko formakuntza eta tailerrak egiten dituzte; bestetik hainbat programak dituzte

Era berean, elkartearen beste helburuetako bat da emakume ekintzaileen errealitatea “gizarteratzea” eta “erreferente eta rolak ikustaraztea”. “Etorkizunera begira ereiteko modu bat iruditzen zaigu. Guk geuk sufritu dugu ez egotea erreferente edo eredurik ez medioetan, ez ikonografian. Sufritu dugu iruditegia izatea oso maskulinizatua”, azpimarratu du Lauzirikak.

Datorren urtean hamargarren urteurrena ospatuko du EmakumeEkinek, eta sorreratik aurrerapausoak ikusi dituzte ekintzailetzaren eta emakumeen loturari dagokionez. “Orduan genero-ikuspegia eta ekintzailetza batzea nahiko berria zen. Egun normalizatu da, edo, behintzat ulertu da zergatik den beharrezkoa ikuspegi feminista, eta zergatik eta zertarako barneratu behar den enpresagintzan”, azaldu du Lauzirikak. “Mugimendu feministaren baitan azken urteetan izandako aurrerapausoek EmakumeEkinengan eragin positiboa izan dutela uste dugu, eta EmakumeEkinek ere ekarpen positiboa egin diola mugimenduari. Interdependentea dela”, bukatu du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK