Ekintzaileak, landa eremukoak eta emakumeak

Emakumeek presentzia handiagoa dute udalerri txikietako negozioetan. Nekazaritza ustiategien herenaren buru dira dagoeneko

'Landako Ekintzaileen Txostena'ren aurkezpena Bilbon | Argazkia: Euskal Ekintzaileen Behatokia 'Landako Ekintzaileen Txostena'ren aurkezpena Bilbon | Argazkia: Euskal Ekintzaileen Behatokia

Landa eremuko bost emakumetik bat enpresa baten sorreraren parte izan da, edo etorkizun hurbil batean sortzeko asmoa du. Historian zehar, ustiategiak zein udalerri txikietako negozioak gizonenak izan dira, baina emakumeen presentziak goranzko joera hartu du azken urteotan. Zerbitzuen sektorean nabari da igoera hori gehienbat, baina baita beste esparru maskulinizatuago batzuetan ere, hala nola, lehen sektorean eta industria eraldatzailean, ustiategien eta enpresen herena emakumeek zuzentzen baitute. Kontuan izan behar da Euskal Autonomia Erkidegoaren %72 landa eremua dela.

“Emakumea EAEko lehen sektoreko negozioen buru da, eta enpresa bat sortzerako garaian, seguruago sentitzen da landa eremuan”, adierazi du Maria Saiz Euskal Ekintzailetzaren Behatokiko zuzendariak Bilboko BBK Kunan egindako ekitaldian. Bertan aurkeztu dute ‘Landa Ekintzaileen Txostena’, proiektu ekintzaileak sustatu asmoz Coca-Colak duen Gira Mujeres izeneko programaren baitan. Hala ere, ezagutarazi duenez, “landa eremuko emakume ekintzaileen %54k ez du inolako laguntza programarik erabili euren negozioa sortzeko, eta horrek agerian uzten du laguntza horiek era zehatzago eta argiagoan azaltzearen beharra”.

Maria Saiz: “Emakumea EAEko lehen sektoreko negozioen buru da, eta enpresa bat sortzerako garaian, seguruago sentitzen da landa eremuan”

Bere aldetik, Ane Epalza, Coca-Colako iparraldeko eremuko komunikazio kudeatzaileak azaldu duenez, “euren buruari ‘zer egin nahi dut?’ galdera eginda bizitza guztiz aldatu eta negozio berri bat sortzera animatu diren emakumeei ahotsa eman beharra dago”.

Sinesgarritasuna lortu ezinik

Nekazal munduko bi emakume enpresaburuk bere istorioaren berri eman dute ekitaldian. Horietako bat da Ziortza Llano. Zaldiekin lagundutako terapia zentroa du Gordexolan (Bizkaia), Tipi-Tapa izenekoa, iaz sortua. Betidanik jakin izan du maila profesionalean dibertsitate funtzionala duten pertsonen bizi kalitatea hobetzen edo hobetzen laguntzen duen zerbaitetan lan egin nahi zuela. Bere ametsa egia bihurtu den arren, prozesu oso zaila izan zela kontatu du: “Zailena nire negozioan sinesgarritasuna lortzea izan zen. Arazoak izan nituen kreditu erakundeen aurrean nire proiektua posible zela sinestarazteko”. Bankuetara joan aurretik, jada proiektua abian zegoela azaldu du, eta horrek are gehiago larritu zuela. “Emakumea eta gaztea izateak –25 urte ditu­– are gehiago zailtzen du dena, oztopoak ugariak dira, baina esfortzuarekin, dedikazioarekin eta lanarekin posible da aurrera egitea”, ziurtatu du.

Ziortza Llano: “Zailena nire negozioan sinesgarritasuna lortzea izan zen. Arazoak izan nituen kreditu erakundeen aurrean nire proiektua posible zela sinestarazteko”

Familiaren laguntza izan zuen batetik, landa eremuan garapen ekonomikoa sustatzeko Europar BatasunekoLeader dirulaguntza ere jaso zuen, eta enplegu anitzeko pertsona bihurtu zen. “Fisioterapeuta lanarekin jarraitu dut, eta adineko pertsonen egoitzetan lan egitearekin uztartu dut», adierazi du. Hala ere, bere ustez, ahaleginak “merezi du”, batetik “amets bat egia bihurtu delako”, eta bestetik, “zaldi terapia jasotzen dutenek eta euren familiek erakusten duten gogobetetzeagatik”.

Aukera eta beharra

Duela 12 urte, Erika Yurre eta bere bikotekidea maletak eginda Bilbotik Karrantzara joan ziren bizitzera. Landa eremuan proiektu bat abian jarri asmoz aldatu zuten bizimodua eta, boluntarioen laguntzarekin, etxe bioklimatiko bat eraiki zuten, lastozko eta hareazko fardelak erabiliz. Horixe izan zen hasiera, euren etxea, Ama Orea ogi lantegi ekologikoarekin hasi aurretik, zortzi urteko proiektua.

Dagoeneko lau daramatza martxan, eta “gogorra” dela dio Yurrek, “gaueko ordu asko sartu behar diren lana” delako, baina “oso pozik” daude. Okindegiari buruzko ezagutzarik ez zuten – Arte Ederretan lizentziadunak dira –, baina autoprestakuntza jaso eta ikastaro txikiak egitera joan ziren. “Aldundiaren hasierako dirulaguntza izan ezik, aurrezkiekin eta lan eginda ordaindu behar izan genuen negozioa abian jartzea”, azaldu du.

Erika Yurre: “Landa ingurunean milaka aukera eta behar daude. Gogo handiz hartu behar da, baina posible da”

Astero, hainbat herritan, Karrantzako merkatuan, eta azoketan enkarguz saltzen dituzte bi labealdietan egindako ogiak, eta tailer pedagogikoak eta bisita gidatuak ere eskaintzen dituzte eskola taldeentzat, elkarteentzat, eta partikularrentzat. Yurrek landa eremuan negozio bat sortzeko deia luzatu nahi izan die gainerako emakumeei: “Landa ingurunean milaka aukera eta behar daude. Gogo handiz hartu behar da, baina posible da”. Hori bai, 30 urte bete aurretik egiteko gomendioa luzatu du, proiektuarekin ari zirela euren seme zaharrena jaio zelako eta lantegiarekin hasi zirenean txikiena, eta haurrekin halako negozioei ekitea zailagoa delako.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK