Ekintzailetza, gizartean eragiteko tresna

BBK Ekin gizarte-eragina lortu nahi duten proiektuentzako ekintzailetza programa abian jarri du BBK Fundazioak. Ostiralean mentoring prozesuan parte hartuko duten adituekin lehen harremana izan zuten ekintzaileek

Aurtengo BBK Ekin edizioko kideak | Argazkia: EnpresaBIDEA Aurtengo BBK Ekin edizioko kideak | Argazkia: EnpresaBIDEA

Ekintzailetza sustatzeko programen eskaintza gero eta handiagoa da Euskal Herrian. BBK Fundazioak, baina, gizartean eragina lortu nahi duten start-upentzako programa abiatu zuen duela lau urte. Aurreko edizioan bezala, aurten ere Ameriketako Estatu Batuetako Bridge for Billions enpresa bidaide izango du fundazio bizkaitarrak. Nazioartean antzeko programa andana kudeatzen ditu enpresa estatubatuarrak, eta Nazio Batuen Erakundea zein Europako Batzordea bezalako erakundeekin batera mentoring eta ekintzailetza programak kudeatzen ditu.

Oihane Aldayturriaga Montero eta Ana Belen Martínez Rodríguez BBK Fundazioko ekintzailetza programetako arduradunek EnpresaBIDEAri azaldu bezala "BBKk babesa eman nahi die gure gizarteak hainbat arlotan dituen erronka konplexuei aurre egiteko ideiak dituzten bizkaitarrei. Bere bidearen parte izan nahi dugu, hasieratik amaierara, talentu hori estrategikoa baita lurraldearen lehiakortasun iraunkorrerako".

Helburu horrekin abiatu zuen Kutxabanken jabe den fundazioak BBK Ekin egitasmoa, "oinarri berritzailea duten eta inkubazio-fasean dauden ekintzailetza-proiektuei lagundu nahi diena". Hala, BBKk hasierako faseetan gizarte-eragina duten proiektuak aurkezten dituzten start-upei laguntzen die, eta inpaktua eskalatzea planteatzen du, Bizkaian gizarte-berrikuntza garatzeko aukera iraunkorrak sortuz.

Online plataforma bidean

Ekintzaileek buruan dituzten egitasmoak gauzatu ahal izateko hainbat urrats eman beharko dituzte, online plataforma baten bitartez. Plataformak ideia berritzaileak garatu nahi dituzten ekintzaileak eta mentoring lanetan arituko diren aholkulariak biltzen ditu. Hala, bi astez aholkulariak eta ekintzaileak elkar ezagutu eta elkar hautatzeko aukera izango dute, prozesuak iraun bitartean astero mentoring saioak izateko.  

Aldayturriaga eta Martínezen esanetan, aholkulariek egiten duten laguntza "funtsezkoa" da. "Mentoreak dira, borondatez, eragin sozial positiboa duten proiektuei beren negozio-eredua baliozkotzen lagundu nahi dieten pertsonak. Parte hartzen duten taldeei laguntzen diete programak irauten duen lau hilabeteetan, asteroko mentoringak eginez, beren potentziala ahalik eta gehien garatzen laguntzeko".

Buru osasuna, LGTBI kolektiboa, kultura eta jasangarritasunarekin lotutak egitasmoak aurkeztu dira, besteak beste

Aurten, berrikuntza gisa, aholkularien figura indartu nahi izan du fundazioak, "figura horiek hobeto prestatuta egon daitezen fase bakoitzean ekintzaileei laguntzeko". Aholkulari lanetan hainbat esparrutako adituek hartuko dute parte: unibertsitate irakasleek, gizarte eragileek, ekintzailetza proiektuetako adituek, eta baita BBK Fundazioarekin lotura duen Kutxabank finatza erakundeko hainbat adituk ere. 

Aniztasuna nagusi ekintzaileen artean

Aurtengo edizioan 30 ekintzailek hartuko dute parte gizartearen askotariko arloak jorratzen dituzten egitasmoen bitartez. Buru osasunaren zaintzan eragin nahi du, esaterako, MakHAziart esku-hartze sozialean oinarritutako proposamenak. Bere arduradunaren esanetan, "artearen bidez gizarte eta hezkuntza-dinamikak garatu nahi ditu, tresna eraldatzaile gisa, egungo gizartearen premia bati erantzuteko, osasun mentala nolakoa den jakiteko". Psikologia ere ardatz du arkitektura eta barrualdeen diseinurako buru osasun irizpideak txertatu nahi dituen bestelako ekimen batek.

Kultura eta kirolarekin lotutako egitasmoak ere aurkeztu dituzte ekintzaileek, hezkuntzarako eta inklusiorako tresna gisa. LGTBIQ+ kolektiboarekin lotutako proposamenak ere aurkeztu dituzte. Espainiako kongresuak onartu berri duen Trans Legeak 50 langiletik gorako enpresak LGTBI kolektiboko kideen diskriminazioa ekiditeko protokoloak ezartzera behartzen dituelarik, BeZu egitasmoko kideek alor horretan aholkularitza zerbitzuak eskaini nahi ditu. BBK Ekineko beste zenbait ekintzailek jasangarritasunaren inguruko egitasmoak aurkeztu dituzte.

Iazko edizioan eguzki-panel flotagarriak garatzen dituen start-upak eskuratu zuen lehen postua

Ekintzailetza programan parte hartzen duten kideek lau hilabetez prestakuntza jasoko dute BBK eta Bridge for Billionseko kideen partetik, eta egitasmoen ildo nagusiak aholkulariekin kontrastatu ahal izango dituzte. Irailaren 8a mugarria izango da BBK Ekin programan. Egun horretan Demo Day burutuko dute, bertan azken txanpara helduko diren 10 finalistek enpresaren negozio-plana aurkeztuko dute hiru kidek osatutako epaimahaiaren aurrean. 10.000 euroko saria eskuratuko du irabazleak, 5.000 euro bigarrenak eta 2.500 euro hirugarrenak.

Eguzki panel flotagarriak, iaz irabazle

2022ko edizioan Landatu Solar egitasmoak lehen saria eskuratu zuen, ur-xaflen gainean eguzki-instalazio flotatzaileak diseinatu eta eraikitzen dituen egitasmoa. Egitasmoaren ingeniaritza-taldeak eguzki-instalazio flotatzaile bat eraikitzeko eta ainguratzeko behar diren elementuak patentatu zituen, garapen eta garraio-kostuak optimizatuz, lehiakideen aurrean abantaila handiak lortuz. 

Adimen artifizialaren alorreko egitasmo batek, CliniXyk, bigarren postua eskuratu zuen. Adimen artifizialeko plataforma aurreratu honek diagnostikoa eta ikerketa medikoa errazten ditu, osasun-profesionalek tratamenduak neurrira zehaztu ditzaten pazienteak sendatu edo osatzeko.

Hirugarren saria jasangarritasunarekin lotutako Basq oinetakoen ekoizleak eskuratu zuen. Kotoiaren ekoizpen masiboaren aurka borrokatzeko asmoz, aurrez erabilitako materialei beste bizialdi bat ematea du helburu. Bi urteko ikerketaren ostean, plastikozko 53.650 botila eta 2.000 pneumatiko birziklatu ditu Basqek 11.500.000 litro ur garbi salbatu ditu. Tokian tokiko ekoizpena ardatz izanda, 2.000 km baino urrunago ez saltzeko konpromisoa du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK