Ekintzailetza sustatzea xede duten 2023ko Inizia Sariak banatu dituzte Araban

Across The Shopper eta JantzIA proiektuak, eta Leire Diezen, Unai Diaz de Guereñuren eta Jorge Salazarren gradu amaierako lanak izan dira sarituak

2023ko Inizia Sarien banaketa ekitaldia | Argazkia: Spri 2023ko Inizia Sarien banaketa ekitaldia | Argazkia: Spri

Inizia Day jardunaldiare baitan, 2023ko Inizia Sariak banatu dituzte Gasteizen, kultura ekintzailea sustatzea xede duten aintzatespenak. Enpresa ekimen berritzaileak dakartzaten eta/edo oinarri teknologikoa duten proiektuak saritu dituzte.

‘Ekimen berritzaile berriak’ izeneko kategorian, Across The Shopper kontsumitzailearen ikerketan eta analisian espezializatutako aholkularitza enpresa izan da saritua, saltokietan aukera ezberdinak detektatzea helburu duen ‘Kontsumitzailearen ikerketa eta ezagutza’ izeneko proiektuarengatik. Neuromarketinean oinarritutako merkatuen ikerketa-teknika horiek Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa txiki eta ertainei hurbiltzea du helburu. Xavier Cros eta Jesus Alonso dira proiektuaren atzean dauden bi ekintzaileak.

Bigarren saria Guillermo Cano, Marina Aguilar, Goizalde Badiola, Manuel Maria Graña eta Igone Moraisek garatutako JantzIA proiektuak jaso du. Estimulazio bioelektrikoko espazio- eta denbora-ereduak larruazalaren mailan aplikatzeko sistema bat da. Elektrodoak hobeto, erosoago eta seguruago aplikatzeko, horiek jantzi doigarri batean integratuta egongo dira, elektrodoek larruazalaren gainean duten kokapen espaziala pertsonalizatzeko. Produktua erabiltzaile partikularrei zuzentzen zaie eta erabilera ludiko eta terapeutikoa du; zehazki, giharretako eta eskeletoko gaitzen bat duten pertsonentzat da, edo, besterik gabe, etxetik irten gabe erlaxatu nahi dutenentzat.

‘Gradu Amaierako Proiektuak, Master Amaierako Proiektuak eta Doktorego Tesiak’ kategoriari lotuta, hiru proiektuk jaso dute saria: Leire Diezen ‘Aldamio baskularraren garapena 3D inprimaketa bidez’ izeneko lanak, 3D inprimaketan oinarrituta protesi baskularrak lortzeko tintak eta biotintak garatzeko helburua duenak; Unai Diaz de Guereñuren ‘Iraunkortasuna zerbitizazio proiektuetan’ izenekoak, ekonomia zirkularreko estrategietan oinarritutako merkataritza- eta kudeaketa- eredu berri bati buruzkoak; eta Jorge Salazarren ‘Errealitate areagotua duen BIM plataforma baten multimedia gorabeheren modulua diseinatzea eta garatzea, ingeniaritzako eta eraikuntzako eragiketak gauzatzen laguntzeko’ izeneko lanak, multimedia edukia ohar geoposizionatuetan sortzea eta lortzea barne hartzen duenak, informazio baliotsua, zuzenekoa eta berehalakoa ematen duten elementuak izaki.

Sari banaketa ekitaldiaren buru  Manoli Igartua Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campuseko errektoreordea izan da, Leyre Madariaga Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendariarekin, David Montero BIC Arabako zuzendariarekin, eta Izaskun Ruiz de Apodaca, Mireia Martinez eta Amaia Calleja Arabako Campuseko Ekintzailetzako eta Transferentziako zuzendariekin batera.  

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK