Ekintzailetzaren erradiografia EAEn: erreferentziazko, baina aitortzeke gizartean

GEM txostenaren arabera, EAEko ekintzaileen batez besteko adina 37 eta 40 urte bitartekoa da. Goi mailako ikasketak dituzten pertsonak izan ohi dira

Maria Saiz, atzoko aurkezpenean | Argazkia: Euskal Ekintzailetzaren Behatokia Maria Saiz, atzoko aurkezpenean | Argazkia: Euskal Ekintzailetzaren Behatokia

Ekintzailetzak "momentu interesgarria" bizi du Euskal Autonomia Erkidegoan. Hala ondorioztatu du EEB-OVE Euskal Ekintzailetzaren Behatokiak Euskal Autonomia Erkidegoko GEM Global Entrepeneurship Monitor 2022-2023 txostenean. Azterketa 2004an egin zuten lehen aldiz, eta urtero-urtero datuak berritzen joan dira bertako ekintzaileen esperientziak baliatuta eta datu propioak sortuta.

Txostenak ekintzailetza arloari loturiko aukerak eta oztopoak ez ezik, ekintzaile fenomenoa bera ere —profila, sorturiko enpresa motak, erabilitako errekurtsoak— ikertzen du. "Urtez urteko azterketari erreparatuta, ikus dezakegu indargune eta ahultasun sistemikoak dituela ekintzailetzak geurean", plazaratu du Maria Saiz Santos behatokiaren zuzendari eta txostenaren zuzendari exekutiboak. Aitzitik, zergatik bizi du egun ekintzailetzak "momentu interesgarria"? Zein inpaktu izan du ekintzailetza jarduerak eta enpresen sorrerak 2023an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan? Atzo BAT dorrean eginiko aurkezpenean informazio hori aletu du Saizek. Harekin izan dira Leyre Madariaga Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitaleko eta Ekintzailetzako zuzendaria, Joseba Mairezcurrena Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintzailetza eta Enpresa Lehiakortasuneko diputatua, Noemi Peña EHU Bizkaiko Campuseko Ekintzailetzako eta Trasferentziako arduraduna, eta Eduardo Castellano MIK ikerketa zentroko zuzendari exekutiboa eta Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza fakultateko I+G+bko koordinatzailea.

Erreferente den ekintzailetza ekosistema

GEM mundu mailan aitortutako eta zabaldutako metodologia da ekintzailetzari loturiko datuak neurtzeari dagokionez, eta horrek ahalbidetzen du erradiografia egiteaz gain datuok bestelako herrialdeekin ere erkatu ahal izatea. Ekiteko toki gisa jasotako balorazioa aintzat hartuta, Europa mailan hirugarren herrialde edo lurralde gisa kokatu da une honetan EAE, Herbehereen eta Letoniaren atzetik. Saizentzat, martxan jarritako azpiegiturak eta politikak izan dira horretarako gako.

Negozio berriak sortzeari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen %5,2 dago prozesu horretan murgilduta. Zifra hori %4,9koa zen iaz, eta gainera serie historikoaren zifraren sei puntu gainetik kokatzen da. Era berean, biztanleen %7,6 ekintzaile potentzial dira, alegia, negozioa martxan jartzeko asmoa aztertzen ari dira. Zifrak behera egin badu ere iaztik, batezbesteko historikotik bi puntu igo da. 

Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen %5,2 dago negozio sorrera baten murgilduta

Alde nagusiena, aldiz, fase "finkatuan" dagozkien enpresetan gertatzen da. Hirugarren aldiz segidan jaitsi da zifra hori, %4,6an kokatzeraino. "Bultzada galtzen ari gara". Behatokiaren ustez, arrazoietako bat izan daiteke halako negozioen lidergoa daramaten pertsonen batez besteko adina, 51 urtean kokatzen baita. "Baliteke gu ere datu hori behar baino gutxiago baloratzen aritzea, enpresari askok erretiroa hartzeko adina atzeratzen baitute. Dena den, enpresaren mahai gainean zenbait erronka jartzen ditu, hazkundeari edo enpresaren ondorengotzari dagokionez".

Edozein kasutan kontsolidazio, are martxan jartze fasera iritsi aurretik negozioa alde batera uzten dutenen kopurua baxua da. "Iaz ikusten genuen zenbait hilabetez saiatu ostean erabakitzen zutela ez jarraitzea. Joera hori, aldiz, aldatu egin da aurten". %1,7an kokatzen da, eta errentagarritasun faltagatik ixten du gehiengoak, —%40k—. %38,1ek negozio berri baten garapenean lan egiteko utzi zuen.

Porrotaren beldur

Herrialde ekintzailea izan garela nabarmentzen da handik eta hemendik, eta egun proiektuak martxan jartzea ezinbestekotzat jotzen da etorkizunean lehiakor izaten jarraitzeko. Datuek erakusten dute badaudela konfiantza izateko moduko arrazoiak. Aldiz, kezka nagusia ekintzailetza balioekin lotuta dago, behera egin baitu orokorrean ekintzailetza kulturari lotutako gizartearen balorazioak. "Kuriosoa da ikustea objektiboki formakuntza handia izanda ere, populazioaren %40k uste duela ez duela gaitasun nahikorik ekintzailetza proiektu bat martxan jartzeko. Horrek erakusten du norbere buruarekiko exigentzia maila oso altua dela".

Argazkia: Euskal Ekintzailetzaren Behatokia
Argazkia: Euskal Ekintzailetzaren Behatokia

Arrazoi nagusia porrotarekiko beldurra da. Populazioaren %60k dio ez zuela proiektu bat martxan jarriko porrot egiteko beldurragatik. Bestela esanda, ikus daiteke EAE dela porrotarekiko beldurra zabalduen dagoen lurraldea. Eta soilik populazioaren %43k uste du ekitea irtenbide profesional ona dela. Generoaren arabera ere aldeak topa daitezke: emakumeak kontserbadoreagoak dira gizonezkoak baino.

Harago joanda, Saizek dio gizarteak berak ez duela errekonozitzen nor ari den ekiten, esaterako, norbere auzoko okina, edo arrain-saltzailea.

Ekintzaileen profila marraztuz

Beldurrak beldur, eta kezkak kezka, ekintzailetza proiektuek aurrera diraute. Adina eta ikasketa mailak aintzak hartzen ditu GEM metodologiak ekintzaileen beren profila neurtzerakoan. Lehenengoari dagokionez, atzeman daiteke negozioa martxan jartzen ari direnen edo jartzeko asmoa dutenen adina 37 eta 40 urte bitartekoa dela, eta nahiko egonkor mantendu dela azkeneko urteetan.

Alderik nabarmenena egonkortutako enpresarien adinean gertatu da: batezbesteko historikoari erreparatuz gero 48 urtean kokatzen bada, azkeneko txostenak erakusten du 51 urtekoa dela. Datu horien ondorioz, EAE azken aurreko tokian kokatuta dago gazte ekintzailetzari dagokionez, lehenengoa 35-44 urte bitartekoan, eta lehena ekintzailetza seniorrean 55-64 bitarte horretan.

Generoari erreparatuta, iaz lehen aldiz emakume ekintzaileen kopurua gizonena baino altuagoa izan zen, eta joera horri eutsi dio. "Baieztatu dezakegu EAE berdintasun egoera baten dagoela, behintzat ikuspegi kuantitatibotik"

Generoari erreparatuta, iaz lehen aldiz emakume ekintzaileen kopurua gizonena baino altuagoa izan zen, eta joera horri eutsi dio. "Baieztatu dezakegu EAE berdintasun egoera baten dagoela, behintzat ikuspegi kuantitatibotik". Adinaren bataz bestekoan eta formakuntzan mailan ez dago alderik; bai, ordea, esparru finantzarioari loturiko formakuntzan, gizonen kasuan %27k izaten baitu, eta emakumenean %18,5ek. Normalean, gainera, egoera finantzario baxuagoak dituzte abiapuntu.

Aukeretatik beharrizanera

Hamaika arrazoi izan daitezke ekintzailetza proiektu baten murgiltzeko. "Baina ikusi dugu pandemiak zeharo aldatu duela proiektu bati ekiteko arrazoi nagusia". COVID-19aren krisialdia iritsi aurretik, EAEko populazioaren ia bi herenak —%67,7— ekiten zuen aberastasuna edo errenta oso altua sortzeko aukera bilatuta. Egun, herenak baino gutxiagok —%27,2— bilatzen du hori, eta aldiz, %69,2k bestelako lanik ez duelako ekiten du, lehen soilik %62,2k egiten zuen bitartean. Gehien hazi den arrazoia, berriz, familiako ibilbidea jarraitzea izan da. Sei bider egin du gora: %29k eman du arrazoi hori, eta 2019an soilik %4,3k aipatu zuen. Munduan aldaketa egin nahi izatea —%36,3— izan ohi da beste arrazoi bat.

Zerbitzu sektorean ekiten da gehien. Izan ere, enpresen % 62,4 horri lotuta dago. Ekintzaileen % 70,3 emakumezkoak dira, gizonak % 55,2. "Aipatzekoa da, baina, ekintzailetza industrialak izan duen bultzada". %7,7ra igo da %4,3tik, eta ia-ia "konpentsatu" egiten du zerbitzu intentsiboetan izandako galera.

"Beste albiste on bat: emakume asko ekiten ari dira industria esparruan hastapenetan dauden enpresetan". Ezagutza intentsiboko sektoreetan, ordea, aldea dago, gizonezko ekintzaileek —% 29,2— ia bikoiztu egiten baitituzte emakumeak —% 16,9—. Azkenik, lehen sektoreko ekintzailetza mantentzen da baxuen, eta emakumeak eramaten ari dira horren pisu nagusia, gizonen datua laukoiztu egiten baitu.

Saizekin batera, Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko, EHUko eta Mondragoneko ordezkariak izan ziren aurkezpenean | Argazkia: Euska Ekintzailetzaren Behatokia
Saizekin batera, Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko, EHUko eta Mondragoneko ordezkariak izan ziren aurkezpenean | Argazkia: Euska Ekintzailetzaren Behatokia

Enpleguari dagokionez, enpleguen sorrerari garrantzi handiagoa eman zaio sortzen ari ziren negozio berrietan, kontsolidatutakoetan baino. Hala ere, bigarren urtez ekintzailetzari lotutako enpleguak gora egin du, eta inoiz baino zifra hobeak lortu ditu bost enplegu baino gehiagoko eta hastapenetan dauden negozioetan —%5,9tik %10,6ra—. Gainera, eskainitako enpleguaren kalitateak ere hobera egin du. Horrek eragin du autoenpleguak behera egitea.

Bestalde, berrikuntzari loturiko aldagaiek ere hobera egiten dute, produktu zein zerbitzuetan: sortutako negozioen % 34,7k produktu edo zerbitzuetan berritu egiten du, % 24,7k tokiko irismeneko berrikuntza maila sartzen du eta ekintzailetza ehunaren % 10ak nazio eta mundu mailako berrikuntzetan oinarritzen du negozioa. Hala ere, gizonezkoek berrikuntzako proiektu gehiago sortu dituzte emakumezkoek baino, % 42,3 eta % 26,5 hurrenez hurren.

Errekurtso ekonomikoak

Iaz bezala, lehenengo 3,5 urteetan 15.000 euro erabili ohi dute enpresek, eta behera egin du ekiteko 10.000 eurotik behera erabiltzen duten enpresa kopuruak. Hala ere, "enpleguaren eta berrikuntzaren hazkundea dela eta, gora egin dute 50.000 eurotik gorako kapitalizazioa duten proiektu kopuruak".

Ekarpen horretan %72,6k erabiltzen ditu aurrezkiak proiektuari ekiteko, eta lautik batek familiaren laguntza erabiltzen du. Dena den, bi alderdi nabarmendu ditu Saizek, besteak beste: inbertsore espezializatuen gorakada, 2021ean soilik %0,8k jotzen baitzuen halakoetara eta 2022an %5 izan baita; finantza erakudeen indarra, proiektuen herena —%31,1— finantzatu baitute, eta haien "finantza beharren" %70 asetu baitute. "Start-up horien azelerazioak ahalbidetzen du finantzazio bankario horretara heldu ahal izatea".

 
 

 

 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK