Hiru ekintzaile italiar izan dira aurtengo INNPower jardunaldian

Topaketaren seigarren edizioa da, eta hitzaldiak eta tailerrak egingo dira gaur eta bihar Bilboko BAT dorrean

Gaurko jardunaldiko parte-hartzaileak | Argazkia: Enemasene Gaurko jardunaldiko parte-hartzaileak | Argazkia: Enemasene

EmakumeEkin elkarteak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak antolatuta, INNPower jardunaldien seigarren edizioa egiten ari dira gaur eta bihar Bilbon, B Acelerator Tower (BAT) eraikinean. Berrikuntza arloan euren gaitasunak indartsu nahi dituzten emakume ekintzaileentzat bideratutako egitasmoa da.

Edizio honetan, Milandik (Italia) etorritako hiru emakumezko enpresaburu izan dira. Letizia Olivari, Francesca Gammicchia eta Elisabetta Carosio, eta Zure negozioa birdiseinatu, zure trebetasunak berrerabili izenburupean, zenbait hitzaldi eta tailer eskaini dituzte.

Olivarik bezeroekin harreman esanguratsuak lantzeko estrategia eta teknika praktikoak izan ditu hizpide. Gammicchiak ekintzailetza-pentsamoldea lantzeko eta negozioak berriz diseinatzeko enpresa-coachingeko hainbat tresna aurkeztu ditu eta, azkenik, Carosiok, emakume ekintzaileen oreka entrenatzeko antzerki-tailer bat eskaini du.

INNPowerren aurreko edizioetan, 200 bat emakumek parte hartu dute. Urtero nazioarteko hiri bat hartzen dute erreferentzia gisa. Aurten Milan izango da, baina aurreko urteetan Amsterdam, Helsinki, Auckland edo Dublin izan dira.

Izaskun Rama EmakumeEkineko presidenteak zera azpimarratu du aurtengo topaketan: "negozioaren egitura eta estrategia berrikustea eta egokitzea ezinbestekoa da ingurune aldakor batean garrantzitsua izateko". Halaber, Isabel Sarrionandia Bizkaiko Foru Aldundiko Enpresak Sustatzeko zerbitzuburuaren arabera, "ekintzailetzaren aldeko apustua egiten duten emakumeengandik gertu gaude balio erantsi bereizgarria ematen duten proiektuetan laguntzeko”. Adierazi duenez, aurten 4,5 milioi euro bideratu dituzte enpresa proiektu berritzaileak sortzen laguntzeko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK