Kirolaren industrian proiektu berritzaileak dituztenentzat deialdia egin du Sportek Hub guneak

Datorren uztailaren 22ra arte aurkez daitezke kirol digitalaren, osasunaren, nutrizioaren eta ongizatearen, kirol-eremu adimendunen, kudeaketaren eta material berrien arloetan konponbideak ematen dituzten proiektuak

Argazkia: Sportek Hub Argazkia: Sportek Hub

Sportek Hub, kirolaren industriarako berrikuntza eta teknologia guneak Sportek Hub 2022 deialdia, lehenengoa, jarri du abian. Deialdia zabalik egongo da ekainaren 22tik uztailaren 22ra bitartean, jarduera fisikoaren eta kirolaren industrian proiektu berritzaileak dituzten Gipuzkoako ekintzaileei eta startupei zuzenduta. 

Lehenengo edizio honetarako, Sportek Hub ekimenak kirol digitala, jarduera fisikoa, osasuna, nutrizioa eta ongizatea, kirol-espazio adimendunak, kudeaketa eta material berriak arloetan aplikatu daitezkeen proiektu teknologikoak aukeratuko ditu.

Sportek Hub Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol eta Ekonomiaren Garapenerako sailek, Eibarko Udalak, Donostiako Udalak, Real Sociedad Fundazioak eta SD Eibar Fundazioak, BIC Gipuzkoaren laguntzarekin abian jarritako ekimena da, kirolaren industriari hazten laguntzeko eta industria horren lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin sortua.

Hain zuzen ere, erakunde horiek arduratuko dira lehenengo edizioko enpresa-proposamenik onenak aukeratzeaz. Horrela, aukeratzen diren proposamenak  Sportek Hub ekosistemaren parte izango dira, eta bertan proiektua ezagutarazi eta kirol-berrikuntzako eragileekin eta industriarekin harremanetan jartzeaz gainera, hainbat abantaila ere izango dituzte, tartean negozio-plan estrategikoa egiteko eta merkaturatu eta garatzeko lehenengo finantzazio-txandetarako laguntza izango dute.

Horretarako, 60.0000 eurora arteko finantzazioa izango dute BIC Gipuzkoak kudeatutako ekintzailetza-programen bidez.

Sportek Hub 2022 ekimenaren deialdia startupei eta ekintzaileei zuzenduta dago, hau da, kirol arloari lotuta irtenbide teknologikoak proposatzen dituztenei eta kirolaren eta jarduera fisikoaren industriaren etorkizuneko beharrei erantzuteko gai diren ideiak dituztenei.

Startupek eta ekintzailetza-proiektuek uztailaren 22ra arte izen-eman dezakete www.sportekhub.eus webgunearen bidez.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK