Kirolarientzako exoeskeletoak egiten dituen 19 urteko ekintzaile iruindarra

Juan Guibert, Onerzia enpresaren sortzailea, giza gorputzaren ahalmen fisikoa handitzeko egiturak saltzear da

Juan Guibert eta Carmen Fuster Pro Sportstech 2024 izeneko ekitaldian | Argazkia: Utzita Juan Guibert eta Carmen Fuster Pro Sportstech 2024 izeneko ekitaldian | Argazkia: Utzita

Kiroletara aplikatutako teknologiak beti egin zaizkio deigarriak 19 urteko Juan Guibert Zorrillari. Bere ustez “interes naturala” da. 13 urterekin kirolarien errendimendua hobetzeko exoeskeletoaren ideia bururatu zitzaion. Hurrengo lau urteetan, kontzeptu horren prototipoa gauzatzeko “enpresekin kontaktuan jarri, ikastaroetara bertaratu eta horrelako proiektu batek eduki zezakeen kostu ekonomikoa balioztatzen” egon zen.

Batez ere 2020ko berrogeialdian erritmo intentsiboagoarekin egin zuen lan, dokumentuak eskuratzen, eta, LinkedInen bitartez, adituei proiektua hobetzeko galderak eginez eta aholkua eskatuz. “Gehienek ez zidaten erantzuten, proposatzen nuena txantxa zela uste zuten eta, baina erantzun zutenek asko lagundu zidaten”, esan du ekintzaile gazteak.

Onerziaren lehen pausoak

17 urterekin, batxilergoa amaitu eta gero —The British School of Navarra ikastetxean egon izan zen txikitatik—, Guibertek Onerzia enpresa sortu zuen exoeskeletoaren ideia behingoz errealitate bihurtzeko. Andorran finkatzea erabaki zuen, “han teknologiari buruzko topaketa asko egiten dira eta”. Enpresa eratzeak “lan kopuru garrantzitsua eskatu zuen kontu legalei eta baimenei zegokienez”. Horregatik “abokatuen orientazioa” jaso zuen.

Ikuspuntu pertsonaletik, iruindarrari “neurri batean gogorra” egin zitzaion Andorrara mugitzera; izan ere, “zure familia eta ezagunek utzi dituzun tokian jarraitzen dute, eta bitartean, zu inor ezagutzen ez duzun toki batean zaude”. Horri aurre egiteko, “coworking jardueretara joan, sareak ehundu, harremanak estutu eta ekintzak egiteko pertsonak bilatzea izan zen aproposena”. Hori egitea bereziki zaila da udan, “orduan jende asko familiarekin topatzeko kanpora doalako”. “Zaila da, baina pazientziarekin lortu daiteke”, ziurtatu du Guibertek.

Formakuntza alternatiboa

Nahiz eta goi mailako hezkuntza ikastea pentsatu eta zenbait unibertsitatera eskaerak bidali izan dituen, Juan Guibertek heziketa konbentzionalaren ordez “teknologiari buruzko ikastaroen eta Interneten bidez formatzen jarraitzeko erabakia” hartu du. Adibidez, 2023ko urrian Alemanian egindako WearRAcon topaketan parte hartu zuen, exoeskeletoei buruzkoa. Han azokako zuzendari exekutiboekin hitz egin eta bere diseinuari buruzko ideiak ezartzeko oharrak hartu zituen.

2
WearRAcon 2023 topaketa Alemanian

Hazten doan lan taldea

Enpresa martxan jarri duenetik, iruindarrak bi langile kontratatu ditu, Marta Benavent eta Carmen Fuster deiturikoak. Biak ingeniari biomedikoak dira, eta Guibert LinkedIn bidez jarri zen beraiekin harremanetan. Beraiek batez ere “sare sozialetaz eta bezeroei medikuntza-prospekzioak emateaz arduratzen dira”. Bigarren funtzio horri dagokionez, bereziki onuragarria da haien biomedikuntzari loturiko ezagutza “mugikortasun mailei eta antzeko kontzeptuei buruz informazioa erraz emateko”.

Hiruak Andorran bizi dira, eta bertan egiten dute lan. Normalean, norberak bere etxetik jarduten du, enpresak oraindik ez baitu egoitza formalik ezarri. Dena den, batzuetan elkartu egiten dira, esaterako, coworking ekintzetan parte hartzerakoan.

Laster prest egon daitekeen produktua

Exoeskeletoak errealitatera eramaterakoan, Guibertek zenbait aldaketa ezarri behar izan ditu bere jatorrizko diseinuan. Zehatzago, hasieran exoeskeleto aktiboak egitea irudikatu zuen; hau da, bere osagaien artean, motor elektriko edo pneumatikoen bidez elikatzen diren pieza higigarriak dituena, erabiltzaileak egiten dituen mugimenduetan laguntzeko, eta horrela bere ahalmen fisikoa handitu edo nekea murrizteko.

Baina pasa den urtean Alemanian ospatutako WearRAcon topaketaren ostean exoeskeleto pasibo bat diseinatzea hobea zela ondorioztatu zuen. Guibertek esan duenez, aldaketa egitea “hamar minutuko audio bat grabatu ondoren” erabaki zuen, non bi exoeskeleto moten abantaila eta desabantailak adierazten ziren. Erabakia hartu eta gero, “aldaketa erraza izan zen”.

Exoeskeleto pasiboek ez dute ekipoaren zatiak mugitzen dituen kanpoko energia hornidurarik. Horren ordez, erabiltzailearen mugimendu propioak sortutako energia erabiltzen dute

Exoeskeleto pasiboek ez dute ekipoaren zatiak mugitzen dituen kanpoko energia hornidurarik. Horren ordez, erabiltzailearen mugimendu propioak sortutako energia erabiltzen dute eta, hura gordeta eta banatuta, gorputz-segmentuek eusten duten karga fisikoa berregokitzeko balio dute. Haien abantaila nagusia da esfortzu fisikoaren eragina murrizten laguntzen dutela eta langileen osasuna mantentzen dutela, laneko lesioak eta istripuak saihestuz.

Nahiz eta exoeskeletoa oraindik amaitu gabe dagoen, Guibertek uste du "hemendik gutxira" merkaturatzen hasteko aukera izango duela. Adibidez, “kirol taldeei eskaini ahal da, taldekideek jarduera fisiko handia egin ondoren mugitzen jarraitu ahal izateko edo era seguruagoan jarduteko”. Beste erabilera posible bat da “lesio baten ostean berreskurapen aktiboa eskaintzea”. Zentzu horretan, berri ona da “probak balioztatzeko kirol elkarte asko” daudela.

3
Exoeskeletoen teaser-a

Produktuaren fabrikaziorako beharrezko materialak lortzeko, Onerziak Espainiako enpresekin batera jarduten du. Exoeskeletoen ekoizpena errazteko eta kostua murrizteko “3D inprimagailuak erabiltzea” pentsatu dute.

Enpresak Valentziako Biomekanika Institutoarekin (IBV) eta Bartzelonako Ánima erakundearekin egiten du lan. “Lehenengoarekin noizean behin kolaboratzen dugu, behar dugunaren arabera“, azaldu du Guibertek. Bestalde, Ánima oso baliagarria da Onerziarako: “diseinu industrialean esperientzia asko daukan enpresa handi hau zure aldean edukitzeak asko aberasten du”. Onerzia eta Ánimaren arteko elkarlana “urte honetako urtarrilean” hasi zen. Iruñeko enpresariaren esanetan, “probazko lehen aleak gehienez, orain garatzen daudenak, aste batzuk barru egongo dira prest, eta azkeneko produktua, hemendik hilabete batzuetara”.

Etorkizunerako, Guibertek “bidaiatzea, probazko aleak balioztatzea, datuak eskuratzea, produktua hobetzea, salmentak antolatzea eta inbertitzea” pentsatu du. Bereziki garrantzitsua iruditzen zaizkio “kontsumitzaileen feedbacka jasotzea eta erreserbak eta eskaerak kudeatzen ikastea”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK