
Berrikuntza, iraunkortasuna eta teknologia dira Basajaun proiektu europarraren oinarria. Zuraren eraldaketako enpresak, ikerketa-erakundeak, elkarteak eta erakunde publikoak biltzen dituen ekimena da, basoen balioa maximizatzeko eta zurarekin eraikitzeko kateak nola optimizatu daitezkeen erakusteko helburua duena.
BRTA aliantzako kide den Tecnalia euskal zentro teknologikoak gidatzen du proiektua, eta 12 herrialdetako 29 kolaboratzaile ditu, horien artean Euskadiko beste hiru erakunde: Irurena Group, Peñascal Kooperatiba eta Baskegur. Horietako bakoitzaren ezagutzak batuta, ekimenak zura eraikuntzako produktuetan eta konponbideetan lehengai gisa hartzea sustatu nahi du, eraikinen kalitatea, bizigarritasuna eta errendimendua handitzen laguntzen dutela frogatuz.
Horretarako, lehenengo jarduera-lerroa zurez egindako eraikuntza-material berritzaileak (isolamendu termikoa, konposatuak, bernizak, SIP) eta sistemak (egitura, fatxadak, zoruak, hormak, sabaia eta finkagailuak) garatzea eta hobetzea izango da. Ondoren, material horiek Finlandian eta Frantzian eskala errealean eraikitako bi eraikinetan frogatutako dira.
Javier García-Jaca Tecnaliako proiektu-zuzendariak azaldu duenez, “Basajaun ekimenarekin, balio erantsi handiko zurezko produktuak laborategi-eskalan diseinatu eta garatu daitezke, eskalatu eta bi eraikin oso eraikitzeko erabil daitezke, egurraren balio-kate digitalizatua sortzeko eta landa-eremuak sustatzeko”.
Hirugarren eta laugarren lerroek alderdi digitalarekin dute zerikusia eta eraikuntzaren balio-kate osoa digitalizatuko da, basotik eraikineraino, ingeniaritza-prozesuaren trazabilitatea eta gardentasuna bermatzeko.