Martxan da XXV. Goierriko Enpresa Ekimen Berrien Lehiaketa

Proiektuak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da

Iazko edizioko sarituak | Argazkia: Goieki Iazko edizioko sarituak | Argazkia: Goieki

Gaur, dena hobetu daiteke lelopean Goiekik, Goierriko Garapen Agentziak, eskualdeko enpresa ekintzaileen irudia, berrikuntza eta lehiakortasuna sustatu nahi ditu beste urte batez egingo den lehiaketan. XXV. edizioan ere hiru kategoria sarituko dira: Enpresa Proiektu Sortu Berriak, Enpresa barruko Berrikuntza Proiektua eta Ekintzailetza bidezko Gizarteratze Proiektua.

Lehen kategorian, Enpresa Proiektu Sortu Berrien kategorian, urteko proiektu onena sarituko da. Helburu hauek ditu: pertsona ekintzailearen figura ezagutaraztea, balio erantsiko enpresa-proiektu berritzaileak sustatzea, eskualdean enplegua eta aberastasuna sortzen laguntzea eta enpresa berriak sortu eta garatzea. Kategoria hori 2021-2022 ikasturtean negozio ideiari buruzko bideragarritasun-plana egin eta enpresa abian jarri duten pertsona ekintzaileei zuzenduta dago. Irabazleak hainbat onura eta zerbitzuez gain, 6.000 euro + 3.000 euro jasoko ditu.

Bigarren proiektuaren helburua, enpresa barruko berrikuntza proiektuena, alegia, da enpresen ahaleginak saritzea eta aintzatestea, beraiek garatutako ekintzak jendaurrean zabaldu eta berritzeko. Goierriko ETEentzat pentsatuta dago. Proiektu irabazleak 2.000 euro eta zenbait onura eta zerbitzu jasoko ditu.

Lehiaketaren azken kategoriak, urteko gizarteratze-ekimen onena sarituko du. Gizartean baztertuak izateko arriskuan dauden eta laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonei zuzenduta dago. Proiekturik onenak 2.000 euroko saria eta enpresa berrien arloak eskainiko dizkion zerbitzuak izango ditu eskura.

Proiektuak aurkezteko izen-ematea irailaren 30era bitarte egongo da zabalik. Aurtengo sari-banaketa berezia izango da, gainera, lehiaketak 25 urte betetzen baititu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK