Negozio-ideia bati ekiten dioten emakumeak gizonak baino gehiago dira EAEn

Negozio bakoitzak gero eta gaitasun handiagoa du enplegua sortzeko

Emakume ekintzaileen topaketa | Argazkia: EmakumeEkin Emakume ekintzaileen topaketa | Argazkia: EmakumeEkin

Euskal Autonomia Erkidegoko Ekintzailetzaren Behatokiak joera aldatu dela adierazi du, eta orain negozio-ideiekin aurrera egiten duten emakumeak gehiago dira gizonak baino. Negozio bakoitzak gero eta gaitasun handiagoa du enplegua sortzeko. Hala ere, Erkidegoan, ekintzailetza-tasa %4,9koa da, Espainiako batez bestekoaren azpitik (%5,5).

Datu horiek Euskal Ekintzailetzaren Behatokiak unibertsitateko irakasleen laguntzarekin egindako 2021-2022 aldiko GEM txostenean jasotzen dira, eta asteazken aurkeztu da Arabako hiriburuan.

Inkesta horren arabera, jarduera ekintzailearen tasa %4,9koa izan zen aztertutako aldian, 2020-2021ean aurreikusitako %5,2aren azpitik, hau da, 18 eta 65 urte bitarteko biztanleriaren %5 inguru jarduera ekintzaileetan sartuta egon da.

Berritasun gisa, emakumezkoen tasa gizonezkoenaren aurretik jarri dela lehen aldiz, puntu erdiko distantziarekin, eta alde hori zuhurtasunez jasotzera deitu dute azterlanaren arduradunek, hurrengo ekitaldietan nola jokatuko duen zain. 

Nork eta nola ekin 

Ekintzailearen profila prestakuntza- eta errenta-maila altua duen 35 eta 45 urte bitarteko pertsona bati dagokio.

Negozio horiek, batez beste, 20.000 euro erabili dituzte beren proiekturako, 2020an baino 5.000 gehiago. Gizonen kasuan, irteerako kapitala emakumeena baino bi aldiz handiagoa da (30.000 euro eta 16.201 euro, hurrenez hurren), eta kasuen %78an aurrezkiak erabili dituzte.

Jarduera ekonomiko nagusia zerbitzuen sektorera bideratzen da (%60,7) eta zerbitzu aurreratuekin lotutako jardueren hazkundea islatzen da (+%4,6).

Hasierako estadioetan, negozioek 3,5 enplegatu dituzte batez beste, eta dimentsio hori sendotzen doan heinean handitzen da. Txostenak, halaber, sortutako enpleguaren hazkundea nabarmentzen du; izan ere, hasierako fasean dauden negozioak dituzten ekintzaileen %24,2k adierazi du azken urtean kontratazioak egin dituztela, eta aurreko aldian, berriz, %3,7k.

Herritarren %1,8k negozio bat saldu, itxi edo utzi du. Arrazoi nagusia errentagarritasun falta izan da (%23,4), ondoren arrazoi pertsonalak edo familiakoak (%16,8) eta pandemiak sortutako krisia (%14,2).

Kolektiboak digitalizazioaren aldeko apustua egin du pandemiaren ondoren, eta %60k baino gehiagok enpresen gizarte- eta ingurumen-inpaktuarekiko konpromisoa adierazten du, batez ere dagoeneko finkatuta dauden enpresetan.

Azkenik, azterlanaren arabera, Erkidegoan ekintzailetza gehien errazten duten baldintzak gobernuaren politikak, azpiegitura fisikoetarako eta zerbitzuetarako sarbidea eta azpiegitura profesional eta komertzialetarako sarbidea lirateke.

Ikerketa 4.300 pertsonari baino gehiagori egindako inkestaren datuetan oinarrituta dago, eta haren emaitzek jarduera hori errazteko behar diren politika instituzionalen diseinua bideratzeko balio dute.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK