Seed Capital Bizkaiak 50.000 eurora arte handitu du startupentzako mikrokredituen zenbatekoa

2022an 3,9 milioi inbertitu zituen 84 proiektutan, proiektu berritzaile eta enpresa berrietarako funts eta programen bidez

Ainara Basurko Sustapen Ekonomikoko Bizkaiko diputatua | Argazkia: BFA Ainara Basurko Sustapen Ekonomikoko Bizkaiko diputatua | Argazkia: BFA

Seed Capital Bizkaiak martxoaren 22tik aurrera, 50.000 eurora arte handituko du startup eta mikroenpresentzako mikro maileguen zenbatekoa, orain arteko kopurua bikoiztuz (25.000 euro), Ainara Basurko Sustapen Ekonomikoko diputatuak iragarri duenez.

“Tresna hori indartu nahi izan dugu enpresa eta proiektu gehiagorengana iritsi ahal izateko, maileguak 50.000 euroraino igoz, baldintzak mantenduz eta Europako Inbertsio Funtsa bezalako erakunde baten bermearekin", adierazi du.

Ainara Basurkok eta Oscar Ugarte Seed Capital Bizkaiako zuzendariak astelehen honetan eman dute Bizkaiko Foru Aldundiak foru sozietatearen bidez iaz egindako inbertsioen eta proiektuen berri, baita 2023rako berrikuntzen eta jarduera-ildoen berri ere.

Hain zuzen ere, Seed Capital Bizkaiak Europako Inbertsio Funtsarekin (EIF) akordio bat sinatu du joan den astean, eta, horren bidez, Europako erakundeak datozen hiru urteetan emango diren kredituen %80 abalatuko du, 6,5 milioi euroraino.

"Espero dugu mikromaileguen kopurua biderkatu ahal izatea, merkataritza-, ekoizpen- eta antolaketa-jarduerarekin lotutako inbertsioak eta gastuak ordaintzeko. Egungo testuinguruan, garrantzi berezia hartzen dute mailegu horien baldintza onuragarriek, 50.000 euroko gehieneko zenbatekoarekin, % 2,5eko intereseraino (TA % 2,5235), gasturik eta komisiorik gabe eta berme eta abal pertsonalik gabe ", azaldu du diputatuak.

Mikromaileguak bost urte arteko startup teknologikoetara, industria-sektoreko mikroenpresetara, lotutako zerbitzu aurreratuetara eta gizarte-inpaktuko mikroenpresetara bideratzen dira.

2022ko balantzea

2022ko balantzeari dagokionez, Basurkok adierazi du joan den ekitaldian Seed Capitalek 3,9 milioi euroko inbertsioa gainditu zuela Bizkaiko enpresaproiektuetan, eta 84 proiektu babestu zituela, proiektu berritzaile eta berrietarako finantza funts eta programen bidez. Zifra horiek, nabarmendu duenez, "irudi positiboa ematen dute eta 2023ari aurre egiteko adorea ematen dute, zenbait arlotan sendotzeko eta tresna berrietan hazteko".

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK