Zabalik da Leartibai Sarien bigarren edizioan izena emateko epea

Eskualdeko ekintzaileen lana bistaratzeko asmoz antolatu du sariketa Leartibai Fundazioak. Proiektuak aurkezteko azken eguna azaroaren 3a izango da

Argazkia: Leartibai Fundazioa Argazkia: Leartibai Fundazioa

Leartibai Sariek Lea-Artibai eskualdeko ekintzaileak bistaratzea eta egindako lana aitortzea dute xede. Leartibai Fundazioak, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkartearen, Lea-Artibai Landa Garapen Alkartea eta eskualdeko 12 udalen laguntzarekin antolatu dute sariketaren bigarren edizioa.

Proiektuak aurkezteko epea zabalik da jada, eta azaroaren 3 arte egongo da irekita. Aurtengo edizioan, lehenengoan bezala, bost kategoria sarituko dira, eta eskualdean 2023ko urriaren 31 baino lehenago negozio berri bat martxan jarri duen edozein ekintzailek du parte hartzeko parada. Halaber, emakume ekintzaileari eta gazteei zuzendutako sarian, eskualdeko herri batean erroldatuta egotea ezinbestekoa izango da. Gainera, gazteen sarirako, ekintzaileak 18 eta 35 urte arteko adina izan beharko du.

Bi kategoria horiez gain, negozio ideia berritzaile onena, merkataritza, ostalaritza, turismo eta zerbitzu enpresa onena eta kooperatiba eredua kategoriak sarituko dira. Hiru sari hauen irabazleak 2.000 euroko jasoko dituzte. Gazteek sortutako negozio ideia onenagatik 2.000 euroko bost sari banatuko dira, eta emakume ekintzaile onenak 500 euro jasoko ditu.

Dirulaguntzaz harago, irabazleek Lea-Artibai Berrikuntza Gunean dagoen Enpresa Haztegiko espazioetan sartzeko lehentasuna izango dute, Leartibai Fundazioak kudeatzen dituen hainbat programetan parte hartzea erraztuko zaie eta fundazioko ekintzailetza teknikarien eskutik, negozio ideiaren garapenean eta azelerazioan aholkularitza jasoko dute.

Sari banaketa azaroaren 23an egingo da, Ziortza-Bolibarreko udaletxeko aretoan, arratsaldeko 19tan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK