• EKONOMIA
  • 10 urte Bizkaiko lurralde oreka bultzatzen

10 urte Bizkaiko lurralde oreka bultzatzen

Lankidetza eta saretzea gako izan dira Bizkaia Orekan Sakonduz proiektua aurrera atera, eta lurralde lehiakortasuna elkarrekin bultzatzeko

Bizkaia Orekan Sakonduzen parte diren eragileetako ordezkariak, atzo, BECen | Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
Bizkaia Orekan Sakonduzen parte diren eragileetako ordezkariak, atzo, BECen | Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
Maite Reizabal Arregi
EnpresaBIDEA egunkariko zuzendaria
2026ko apirilaren 25a - 05:30

Urteurrenak "atzera eta aurrera" aritzeko uneak izaten omen dira, eta horixe egin zuten atzo BECen BOS Bizkaia Orekan Sakonduz sarea osatzen duten eragileek. Proiektua abian jarri zenetik 10 urte betetzen dira aurten, eta hori ospatzeko bildu ziren Barakaldoko erakustazokako Luxua gelan. "Helburua izan da Bizkaiak osotasunean aurrera egitea eskualde bakar bat atzean utzi gabe", adierazi zuen Elixabete Etxanobe Bizkaiko diputatu nagusiak. Hala, eskualde bakoitzaren berezitasunak errespetatuta guztiek aurrera egiteko estrategia bultzatu du BOSek, "tokikotasunetik eraikitzen den lehiakortasunaren alde". 

 

Diputatu nagusiak esandakoaren arabera, "enpresa sendo barik ez dago lurralde orekaturik", eta hain zuzen ere, hori indartzen saiatu dira eskualde guztietan, erakunde bakoitzaren tokia eta sektorea aintzat hartuta. "Orain unea da aukerak bermatzen jarraitzeko bultzada emateko", azpimarratu zuen. Besteak beste, belaunaldi erreleboa, enpresa eta langileen arteko gizarte ituna eta industria-lurzoruen erabilgarritasuna dira erronken artean, "elkarlana" eta "gaitasunak batzea" oinarri hartuta. 

Aniztasuna aktibo gisa

Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatuak ekitaldian gogorarazi zuenez, BOS sarea abiatzeko lehen pausoa aldundiak Orkestrarekin eginiko diagnostiko txostena izan zen, Bizkaiko lehiakortasunari buruzkoa. "Horrek agerian utzi zuen intuitzen genuena: aldeak daudela Bizkaiko eskualdeen artean". Alde horiek ahulezia bezala ikusi ordez, aktibo gisa identifikatu zituzten, eta eragileekin partekatu zuten antzemandakoa, elkarlanean hasteko asmoz. "Erantzuna bikaina izan zen, eta zein erakundeek parte hartuko zuten definitu zen". 

 

Erakunde horiek Bizkaiko garapen agentziak eta udal erakundeak izan ziren bereziki, enpresak laguntzeaz arduratuko zirenak. Egun, eurak dira, Aldundiarekin batera, sarea osatzen duten eragile nagusiak, 22 guztira. Denen artean, 2.428 enpresari lagundu diete hamarkada honetan, eta egindako lanagatik aitortza jaso zuten atzoko ekitaldian.

Ainara Basurko: "Tokikotasunetik oso sustapen ekonomiko ona egin daiteke"

"2019an inflexio puntua gertatu zen, proiektuaren bultzadan lagundu zuena. Aldundiak zuzendaritza espezifikoa sortu zuen, eta lurralde oreka sustatzea ardatz estrategiko bilakatu zen", kontatu zuen Basurkok. Hala, zuzendaritza horren bitartez Eskualde Lehiakortasunerako programa martxan jarri zen. Horren baitan, 6,8 milioi bideratu dira sareko erakunde eta agentziek sustatutako ekimenetarako. Zehazki, laguntzen %78 izan da enpresen lehiakortasuna areagotzeko, eta %24 sarearen parte diren erakundeak indartu eta euren gaitasunak hobetzeko. "Tokikotasunetik oso sustapen ekonomiko ona egin daiteke", nabarmendu zuen Basurkok. 

Egiteko moduan, gobernantzan, izandako aurrerapausoak ere azpimarratu zituen Ekonomia Sustatzeko diputatuak. Lehena, agentziek eta udal erakundeek "egitura lehiakorragoak" dituztela, eta "enpresen ezagutza handiagoa". Bigarrena, sarean elkarlanean aritzeko emandako pausoak, gertuko eskualdeekin lankidetza sustatzetik harago, "ehun antzekoak dituztenekin ere lanean aritzeko". Hirugarrena, politika publikoen kapilaritatea areagotzea, baina baita identifikatutako beharretatik proiektuan bertan programak bultzatzea ere. Gauzak hala, agentzien "ezinbesteko" ekarpenari esker, sailak 5.100 enpresari lagundu ahal izan die, eta sarean sortu diren programen artean dira digitalizazioari loturikoa —Suspertze Digitala— edota deskarbonizazioan fokua jartzen duena —Enpresa Berdea—.

Inor atzean utzi gabe

Sareaz harago, zer egoera bizi du egun Bizkaiak lehiakortasunari dagokionez? Orkestrako Rakel Vazquez eta Edurne Magrok eman zituzten erantzunak, Bizkaiko lurralde historikoaren eta haren eskualdeen lehiakortasun-diagnostikoa 2025 izeneko txostenaren aurkezpenean. Horren arabera, Bizkaia hazten ari da "inor atzean utzi gabe", eta ongizate ikuspegitik "orekatua" da. Bizkaiko ia eskualde guztietan batez besteko errenta pertsonalak eta biztanle bakoitzeko udal gastuak gora egin dute, eta bakoitzean dauden enpresen emaitzari erreparatuz gero, aldeak murriztu dira. Horrek ez du esan nahi eskualdeen heterogeneotasuna desagertu denik, besteak beste, zenbaitetan pertsonen gaitzea altuagoa delako beste batzuetan baino, zehazki, zerbitzu aurreratuetan posizio hobea duten horietan. Orotara, 25 eta 64 urte bitarteko bizkaitarren %79,8k ditu goi mailako ikasketak eta %13,8 inguru dabil lanean merkataritza zerbitzu aurreratuen esparruan. Europako batez bestekoaren bueltan da datua. 

2020ko krisiak enpresen erresilientzia kolpatu bazuen ere, hori ere berreskuratu dela adierazi zuten Vazquez eta Magrok. Hain zuzen ere, ETE berritzaileen ehunekoa %47,2koa da, eta hazi egin da hazkunde handiko enpresen sorrera. Halaber, produktuaren berrikuntzaren aldeko apustua egin duten enpresa kopuruak gora egin du, oraindik erreferentziazko herrialdeen eta Europaren azpitik badago ere. 

Bizkaia hazten ari da "inor atzean utzi gabe", eta ongizate ikuspegitik "orekatua" da. Horrek ez du esan nahi eskualdeen heterogeneotasuna desagertu denik

Erronkak ere baditu lurraldeak, demografiari, nazioartekotzeari eta ingurumen jasangarritasunari loturikoak. Demografiarena egiturazko arazoa da, eskualde guztietan dagoena. Geopolitika eta menpekotasuna ere errealitatea dira, eta zentzu horretan esportatzaile erregularrei laguntzeko beharra identifikatu dute Lehiakortasunaren Euskal Institutuko ikertzaileek. Ingurumen jasangarritasunean, biztanleko 7,2 tonaren baliokidea isurtzen da atmosferara negutegi efektuko gasetan. Europako batez bestekoaren gainetik dagoen zifra da, eta horretan aurrerapenak batera emateko beharraz ohartarazi zuten Vazquez eta Magrok.

Etorkizunari begira jarri zen Basurko ere, batik bat egun bizi ditugun trantsizioetara egokitzeko, geopolitikaren gorabeherak alde batera utzi gabe. "Baliabide berriz jantzi behar gara, baita ezagutzaz eta elkarlanaz ere", adierazi zuen. Hemendik hamar urtera zer ospatu nahiko luke Ekonomia Sustatzeko diputatuak? "Elkarlanean jarraitzen dugula. Denok sinesten dugula Bizkaiaren kohesioan eta horren alde egiten dugula. Garapen agentzia eta udal departamentu sendoagoak ditugula. Enpresentzat konfiantzazko eragileak garela. Eta Orkestrak diagnostikoa egin eta adierazleek hobera egin dutela, batez ere kohesioari dagokionez", zerrendatu zuen. Lanean jarraitzea ezinbestekoa delako. "BOS ez da hasi eta amaituko den proiektua. Etengabeko lana eskatuko du", amaitu zuen.