2027rako aurreikusi baino ekoizpen bolumen handiagoa izango du Volkswagenek, eta hori dela eta, enplegu poltsa bat ireki du asteburuetan lan txanda berri bat abiarazteko. Alemaniako multinazionalak atzo iragarri zuenez, 1.000 langile berri baino gehiago kontratatu asmo ditu Landabengo lantegian.
Urte hasieran jakinarazi zuen Volkswagenek asteburuko txanda gehigarri bat sortzeko aukera, eta orain baieztatu du Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean arituko dela txanda hau sortzeko langileak prestatzen.
Lan egiteko interesa dutenek gaurtik aurrera eman dezakete izena lan poltsan, Volkswagenen webgunean. Hautaketa prozesua kanpo enpresa batek kudeatuko du.
Enpresak ekoizpen langileak behar ditu, baita Lanbide Heziketa (LH) eta unibertsitate gradua duten profil profesionalak ere. Aintzat hartuko dituen titulazio eta espezialitateen artean daude Karrozeriako erdi-mailako LH, eta honako goi-mailako LH ziklo hauek: Automozioa, Industria-automozioa, Industria-ekipoen mantentze-lanak, Elektronika, Elektrizitatea eta Industria-mekanika.
Unibertsitateko graduen kasuan, industria ingeniaritza graduko tituludunak nahi dituzte Landabengo lantegirako.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta