Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Eraikitzaile eta Sustatzaileen Elkarteak (ACP) hitzarmena sinatu dute bi urteko epean 1.064 etxebizitza babestu eraikitzeko. Akordioaren bidez, sustatzaileek eta eraikitzaileek beren jabetzako lurzoru pribatuak erabiliko dituzte, orain arte mobilizatu gabe egon direnak, etxebizitza eskaintza handitzeko helburuarekin.
Hitzarmena atzo goizean sinatu zuten Begoña Alfaro hirugarren lehendakariorde eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariak eta Juan Las Navas ACPko lehendakariak. Akordioaren barruan, Nafarroako Gobernuak sektoreak eskatu dituen "hainbat hobekuntza egiteko konpromisoa hartu du", tartean etxebizitza babestuaren moduluaren prezioa igotzea 2026. urterako, eraikuntza kostuen igoerari erantzuteko asmoz.
Eraikiko diren etxebizitzetatik 740 Iruñean eta Iruñerrian kokatuko dira, 286 Erriberan eta 38 Lizarran. Alfaro lehendakariordeak azpimarratu duenez, akordioa “Nafarroa osorako ona” da, sustapen berriak dagoeneko martxan dauden edo laster hasiko diren beste etxebizitza babestuetako proiektuekin bat egingo dutelako.