Hego Euskal Herriak 136.917 langaberekin amaitu du 2025a. Lanbidek eta Espainiako Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak emandako datuen arabera, Nafarroan 2024aren amaieran baino 872 langabe gutxiago daude (-%2,87). Euskal Autonomia Erkidegoan, aldiz, iaz baino 54 langabe gehiago (0,05).
Azken urte honetako gorakadarekin, Euskal Autonomia Erkidegoaren joera eten egin da, lau urtez jarraian behera egin baitu langabeziak. Nafarroan, aldiz, 29.483ko langabe kopurua 2007tik izandako zenbatekorik baxuena da.
Kontratazioari dagokionez, iaz baino %4,5 kontratu gehiago sinatu dira foru erkidegoan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, 2024aren amaieran baino %7,25 gehiago. Orotara, Hego Euskal Herrian 83.580 kontratu dira abenduan, horietatik %80 baino gehiago mugagabeak.
Espainiako Estatuan, 16.291 langabe gutxiago zenbatu dira orotara abenduan, hots, langabezia %0,67 murriztu da. 2.408.670 langabe daude denera. Hala, azken 18 urteetako langabezia baxuenarekin amaitu da urtea Espainian.