1.400 enpresa baino gehiago izango dira 2024ko BIEMHan

3.000 produktu eta zerbitzu eskainiko dira eta Bilbao Exhibition Centreko sei pabiloi beteko ditu azokak

BECen BIEMHeko edizio bat | Argazkia: BEC BECen BIEMHeko edizio bat | Argazkia: BEC

Bi aste besterik ez dira falta 2024ko BIEMH Makina Erremintaren Nazioarteko Biurtekoa egiteko. Ekainaren 3an hasi eta 7an amaituko den nazioarteko azokak 29 herrialdetatik iritsitako 1.430 enpresen baiezkoa jaso du. Alemaniatik, Italiatik, Portugaldik edo Japoniatik iritsitako 3.000 produktu eta zerbitzu eskainiko dira Barakaldoko BEC erakustazokan.  

Funtzionamenduan egongo diren makina handiak izango dira 32. edizioko protagonistak. Hain zuzen ere, Bilbao Exhibition Centreko sei pabiloi beteko ditu azokak. Beti bezala, industriarako ezinbestekoak diren sektoreak hartuko ditu edizio berri honek, besteak beste, erauzketako eta deformazioko makinen fabrikazioa eta banaketa (%35), robotika eta automatizazioa (%20), erremintak eta osagarriak (%12) eta industriarako digitalizazioa (%9).

Aurten, berritasun gisa, robotikarako, automatizaziorako eta digitalizaziorako bereizitako espazioa bisitatzeko aukera egongo da. Bestalde, Robot Demo izeneko gunea ere bisitagai izango da, sektoreko enpresa liderrek beren azken sorkuntza-lanak erakuts ditzaten.

Egitarau mardula

Konferentzien, keynoten, workshopen eta mahai-inguruen bidez, BIEMH Talks ekitaldian industriaren egoera eta etorkizuneko proiekzioak aztertuko dira. Ekainaren 4ko Digital Talksek bidez eraldaketa digitalerako punta-puntako 4.0 teknologiak arakatuko dira. Ekainaren 5ean, Automation & Robotics Talks ekimenak industriara aplikatutako robotikako eta automatizazioko berritasunak eta garapenak aurkeztuko ditu. Eta ekainaren 6an, Additive Talksek jardunaldian teknologia aditiboaren erronkak, eboluzioa eta ezarpena azpimarratuko dira, hainbat arrakasta-kasu azalduz eta esperientzia propioak eskainiz.

Punta-puntako hizlarien artean, besteak beste, hurrengoak izango dira: Leire Orue-Echevarria (Policy Officer-DG CONNECT European Commission), Haden Quinlan (programa zuzendaria MITen-Massachusettseko Teknologia Institutua) eta Gregorio Ameyugo (CEAko adimen artifizialeko eta robotikako dibisioburua).

Eta horrez gain, bisita gidatuak ere egongo dira: Big Machines Tour, Automation & Robotics Tour e Innovation Tour eta BIEMH TV, zuzeneko 80 elkarrizketa baino gehiagorekin, jardunaldien gaineko laburpenekin eta azterketekin eta sustapen-bideoekin.

Bestalde, BeDIGITALen Innovation Workshope-ek aurrerapen digital esanguratsuenak erakutsiko dituzte. Gainera, erakusketarien eta bisitarien arteko harremana errazteko, networking guneak eta topagune sozialak izango dira.

Mexiko, herrialde gonbidatua

140 herrialde baino gehiagotan egindako kanpainari esker, BIEMHek erosleen presentzia handia izango du, batik bat, hurrengo herrialdetatik iritsitakoak: AEB, Frantzia, Portugal, Turkia, Kanada, India edo Mexiko. Hain juxtu, azken herrialde hau izango da aurtengo 2024ko BIEMHeko herrialde gonbidatua. Zehazki, automobilgintzako, sektore aeroespazialeko, etxetresna elektrikoetako, moldisten sektoreko eta banaketako Mexikoko enpresa ugarik baieztatu dute azokan parte hartuko dutela.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK