Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak gaur onartu ditu EAEko hurrengo urteko aurrekontuak. Denera, 15.024,6 milioi eurokoa izango da, 2023koa baino %5,4 handiagoa, 774,4 milioi gehiago. Jaurlaritzak azaldu duenez, “ziurtasun globalek markatutako” aurrekontu proiektua gauzatu dute, izan ere, pandemiak, nazioarteko gatazkek eta inflazio handiak merkatua astindu dute, gastu publikoa baldintzatuz.
Guztizko aurrekontuaren %76 (10.034,4 milioi euro) gizarte politiketara bideratuko du Jaurlaritzak. Hala azaldu du gaurko agerraldian Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak. Osasuna izango da aurrekontu handiena izango duen saila, 4.896,6 milioi euro bideratuko dira bertara, kopuru horren %79 Osakidetzari dagokiolarik. Hezkuntzarako 3.672,9 milioi euro izango dira, eta lan eta enplegu sailerako beste 1.177,4 milioi euro.
Era berean, Jaurlaritzak “apustu irmoa” egingo du inbertsio publikoan, 2.000 milioiko aurrekontuarekin (iaz baino %13,5 gehiago) eta I+G+Bn, 700 milioi eurotik gora. Hala, ikerketan, garapenean eta berrikuntzan izandako aurrekontua 2021tik %31 hazi dela gogorarazi du Azpiazuk.
Genero berdintasunerako aurrekontuaren %19,2 bideratuko dela ere azaldu du, aurten baino 2,2 puntu gehiago, eta EAEko sektore publikoko soldatetara 5.900 milioi euro bideratuko dira. Urriaren 28an aurkeztuko dute aurrekontu proiektua Eusko Legebiltzarrean, eta oposizioko alderdiekin negoziatu ostean, abenduaren 22an onartzea aurreikusten du Jaurlaritzak