160 milioi itzuliko ditu Arabako foru ogasunak, astelehenean hasiko den errenta kanpainan

Ekainaren 25ean amaituko da aurtengo kanpaina. Aldundiak 149.000 proposamen inguru bidaliko ditu Rentafácil modalitatearen bidez

Itziar Gonzalo eta Maria Jose Perea gaurko agerraldian | Argazkia: Arabako Foru Aldundia Itziar Gonzalo eta Maria Jose Perea gaurko agerraldian | Argazkia: Arabako Foru Aldundia

Arabako Foru Ogasunak 119,2 milioi euro bilduta, 159,2 milioi euro itzuliko dizkie aurten zergadunei, apirilaren 8an hasi eta ekainaren 25ean amaituko den errenta-kanpainan ordaindu beharreko aitorpenekin. Kopuru horiek 40 milioi euroko balantze positiboa suposatzen dute zergadunentzat, iaz baino 15 milioi gehiago.

2023ko errenta kanpaina Itziar Gonzalo Ogasun, Finantza eta Aurrekontu diputatuak eta Maria Jose Perea Ogasuneko foru zuzendariak aurkeztu dute. Gonzalok zehaztu duenez, 1978. urtea baino lehen lan mutualitateetan kotizatu zuten 30.000 pentsiodunen errenta aitorpena kalkulatuko da kanpaina honetan, Auzitegi Gorenak 20/2024 epaian ezarritako kenkariak aplikatuz. Ildo horretan, "konfiantza eta lasaitasun mezua" helarazi nahi izan die prestazio horiek jasotzen dituzten pertsonei, "Foru Ogasunak egindako proposamenek dagoeneko jasotzen dutelako epai berriaren araberako kalkulua", Gizarte Segurantzaren lankidetzari esker.

Hala, guztira Aldundiak 149.000 proposamen inguru bidaliko ditu Rentafácil modalitatearen bidez, guztikoaren % 77. Kopuru horretatik, 18 664 proposamen errentatzaileenak dira. Betiko legez, zergadunek abisu-gutun bat jasoko dute, proposamena egin dela jakinarazteko, eta, ziurtagiri digitala izanez gero, apirilaren 8tik aurrera onartu edo aldatu ahal izango da. Likidazioa onartu ondoren, 48 ordutan jasoko da Foru Ogasunetik jaso beharreko zenbatekoa.

Azkenik, Gonzalok autonomoei zuzendutako neurriak nabarmendu ditu. Ildo horretan, lehen sektorera bideratutako kenkaria azaldu du, % 70eko gutxitzearekin, "gastuak konpentsatzeko". Horrez gain, jasangarritasunera bideratuta dauden pizgarri fiskal batzuk ere onartu dira.

Informazio gehiago
Arabako errenta kanpaina apirilaren 8an hasi eta ekainaren 25ean amaituko da
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK