Eusko Jaurlatizako Gazteen Euskal Behatokiak ikerketa berri bat egin du, Gazteak, emantzipazioa eta etxebizitza-premia Euskadin, 2023 izenekoa. Aztertutako datuen arabera, emantzipatuta daude 30-34 urte bitarteko hamar pertsonetatik zazpi, eta batez besteko emantzipatzeko adina 29,8 urtekoa da. 18-34 urteko gazteen datuak aztertuta, ordea, emantzipatutakoen kopurua %31ra jaisten da, hamar pertsonetatik hiru, alegia.
Miren Satxaga Jaurlaritzako Gazteriako zuzendariak azpimarratu du datu horiek ez dituztela Emantzipa eta Gaztelagun dirulaguntzak kontuan hartzen, beranduago jarri zirelako martxan. Gehitu du hamar gaztetatik seik beren udalerrian emantzipatu nahi dutela , eta gazteentzako bizitza laboralarekikoa baino bizitza sozialarekiko gertutasuna dela lehentasuna.
Emantzipatuta dauden gazteen erdia baino gehiago, %52,4, bere jabetzako etxebizitzan bizi da, eta %44,5 alokairuko etxebizitza batean. Alokairuan dauden gazte horien laurdenak adierazi du soldataren %40 baino gehiago bideratu behar duela alokairura, eta esfortzu ekonomiko handia suposatzen duela. Bestalde, emantzipatutako gazteen %12,1 soilik bizi da babes publikoko etxebizitza batean.