
Eustatek jakitera eman duenez, %2 hazi da ekonomia 2025ko lehen hiruhilekoan, aurreko urteko epe berarekin alderatuz gero. 2024ko azken hiruhilekotik ere hazi egin dela dio estatistika erakundeak, zehazki, %0,6.
Hazkunde horren zergatiak ere aipatu ditu Eustatek, informazioa bildu duen oharrean: industriaren eta, "bereziki", eraikuntzak izandako hobekuntzak lagundu dute hazkundean. Hala ere, aurrerapena egiteko koiunturazko informazio ekonomiko guztia eskuragarri ez zegoela argitu du. Falta den informazio hori ekainaren 6an emango dituen estimazio bereizietan txertatuko da, 2025eko lehen hiruhileroko Hiruhileroko Kontu Ekonomikoetan, alegia. Gogoan izan behar da %1,8 eta %2,4en artean kokatzen zutela EAEko BPGaren hazkundea askotariko erakundeek, baina Trumpen muga-zergen harira sorturiko merkatu desorekek aurreikusitakoa berrikustera bultza ditzake entitate asko.
Ildo beretik, enpleguari buruzko zenbait datu aurreratu ditu Eustatek. Hazi egin da: %1,5 egin dute gora lanaldi osoko lanpostuek iazko epe beretik, eta %0,4 2024ko azken hiruhilekotik. Erakundeak esandakoaren arabera, horrek 14.000 lanpostu baino gehiago sortzea dakar.