• EKONOMIA
  • 20 mila milioi euroko galerak ezegonkortasunarengatik Frantzian

20 mila milioi euroko galerak ezegonkortasunarengatik Frantzian

Herrialdearen hazkundea nabarmen beheratu da, defizitari aurre egiteko zailtasunak ditu eta 160.000 lanpostu desager daitezke urte honetan bertan

Argazkia: Franck Dolosor
Argazkia: Franck Dolosor
Kazetaria
2025eko urriaren 22a - 05:30

Ezegonkortasunak prezioa dauka Frantzian: 20 mila milioi euro, gutxienez, 2025 eta 2026an. Frantziako ekonomia behatokiaren arabera, etengabeko aldaketen prezioa Barne Produktu Gordinaren %0,4 eta %0,3 izango da hurrenez hurren. Bi urte horietan hazkundea %0,7koa besterik ez da izango bikoitza izan beharko lukeelarik.

 

Finantza publikoetan zalantza handiak daudela eta, Frantziako Estatuaren maila AA- notatik A+ notara jaitsi da. S&P notazio agentziak erabaki hori hartu du Sébastien Lecornuren bigarren gobernuaren asmoen artean ez baitu neurri konkreturik ikusi defizitaren aurka egiteko. S&P erakundearen arabera, 2028an Frantziaren zorra BPGaren %121koa izango da, %112koa zelarik joan den abenduan. 2026rako aurrekontu proiektua dagoen arren, agentziak dio zalantza handiak daudela beti Frantziako finantza publikoei dagokienez. Duela hilabete bat Fitch agentziak ere nota apaldu zion Frantziari eta datorren urriaren 24an Moody’s erakundeak bere iritzia plazaratuko du.

Roland Lescure Frantziako ekonomia ministroak erantzun du ahaleginak egingo dituela aurtengo defizita Barne Produktu Gordinaren %5,4an mugatu ahal izateko

Roland Lescure Frantziako Ekonomia ministroak erantzun du ahaleginak egingo dituela aurtengo defizita Barne Produktu Gordinaren %5,4an mugatu ahal izateko. “Gure asmoa da %3ra apaltzea 2029an. Gobernuak eta legebiltzarrak 2026ko aurrekontua onartarazi behar dute orain, eta hori urtea bukatu baino lehen”, adierazi du Lescurek. Lecornuk, bestalde, argi utzi du ez duela legerik onartaraziko dekretu bidez.

 

Datorren urteko aurrekontuen eztabaida astelehen honetan hasi da Asanblea Nazionalean aurkeztutako 1.521 emendakinen azterketarekin. Urtea bukatu baino lehen lanak amaitu beharko dituzte. Azaroaren 4an lehen bozketa eginen dute, azaroaren 12an gizarte segurantzari buruzkoa eta gero azterketak segituko du eskuina nagusi den senatuan.

2024ko ekainean Emmanuel Macron errepublikako presidenteak legebiltzarra desegin zuenetik, Alemaniak baino interes tasa handiagoak ordaindu behar ditu Frantziak

Agentziek argitaratzen dituzten notek beldurra sortu ohi dute interes tasen igoera eragin dezaketelako. Aurten, Frantziak 55.000 milioi euro inguruko interesak ordaindu behar ditu. 2024ko ekainean Emmanuel Macron errepublikako presidenteak legebiltzarra desegin zuenetik, Alemaniak baino interes tasa handiagoak ordaindu behar ditu Frantziak.

Krisi larria Frantzian

Frantziako estatua krisi larriena pairatzen ari da 1958an bosgarren errepublika sortu zenetik. A+ mailara erori ondoren, Frantzia Espainia, Japonia, Portugal eta Txinaren maila berean kokatu da.

Garai hobeak noizbait etorriko direlakoan, frantziarrek nahiago dute dirua aurreztu. Badira 45 urte ez zela horrelakorik ikusi. Gainera, denbora berean Donald Trumpek hasitako gerra komertzialari ere buru egin behar diote enpresek. Gobernuan etengabeko aldaketak direla eta, eta aurrekonturik ez dagoenez, gero eta enpresa gehiagok erabaki asko atzeratzen edo bertan behera utzi dituzte. Aurten bertan 160.000 lanpostu desager litezke Frantzian eta beraz langabezia %7,5etik %8,2ra igo liteke 2026an. INSEE estatistika erakundearen arabera, 2025eko bigarren seihilekoan egindako 6,5 milioi kontratatzeen artean, %84 behin-behinekoak izan dira. Enpresen inbertsioa %1,3 apaldu da aurten eta beherakada %1,7koa izan daiteke datorren urtean. Ameriketako Estatu Batuetako eta Txinako enpresek berrikuntzaren eta adimen artifizialaren aldeko apustua segitzen dutelarik, Frantzian industria sarea desegiten ari da, eta fabrika gehiago ixten dituzte ireki baino.

Frantziako estatua krisi larriena pairatzen ari da 1958an bosgarren errepublika sortu zenetik

Merkatariek, ofizialek eta zerbitzu enpresek kontsumoaren apaltzea pairatu dute bete-betean, eta gero eta gehiago beldur dira ateak behin betiko hetsi behar izatea. Jantzigintzan, adibidez, azken hilabeteetan Jennyfer, Camaïeu eta Minelli bezalako markek beren bezeroak betiko agurtu behar izan dituzte.

Herritarrak mesfidati

Krisi politiko, ekonomiko eta sozialak herritarren haserrea eta mesfidantza areagotu ditu. IPSOS aburu ikerketa erakundeak egindako inkesta baten arabera, frantziarren %58k nahi lukete Emmanuel Macronek dimisioa eman dezan, iaz baino 6 puntu gehiago. %65ek uste du ez dela gai herrialdea defenditzeko. %43k hauteskunde legegile berriak begi onez ikusiko lituzke. Portzentajea %54 eta %64ra igotzen da Frantzia Intsumitua eta Bilgune Nazionaleko boto emaileen artean.

Bestalde, hamar herritarretik batek baizik ez die konfiantzarik egiten hautetsiei. Bi heren segur dira ordezkari politikoek zerikusia dutela ustelkeria kasuekin, eta, diotenez, politikan daude bakar-bakarrik beren interesak defenditzeko. Frantziako herritarren artean kezka handiena erosteko ahalmena da (%36), eta jarraian datoz imigrazioa eta gaizkiletza (%22). Hamarretik seik aitortzen dute zailtasun gorriak jasaten dituztela hilabete bukaerara heltzeko diru piska batekin oraindik sakelean. Herritar gehienek diote joan den iraileko mugimendu eta mobilizazio sozialak zilegiak direla, baina beren ustez ez dira batere eraginkorrak egoera hobetu ahal izateko. Aburu ikerketak erakusten du arrazakeria sustraitu dela giza eskubideen herrialdean. %81ek aitortzen du arrazakeria dagoela gizartean eta %63ari iduritzen zaio “ez dela gehiago sentitzen bere etxean, lehen bezala”. Bilgune Nazionala eta kontserbadoreen aldeko boto emaileak dira arrazakeriarik dagoenik gehien ukatzen dutenak. Denbora berean, bozka emaile horien artean %86k eta %57ak diote atzerritar gehiegi daudela Frantzian.

Herritar gehienek diote joan den iraileko mugimendu eta mobilizazio sozialak zilegiak direla, baina beren ustez ez dira batere eraginkorrak egoera hobetu ahal izateko

Testuinguru horretan, Parisek mila milioka euro bilatzen dituen garaian, iruzur fiskala eta sozialaren aurkako borroka Sébastien Lecornu lehen ministroaren lehentasuna bilakatu da. Gehiegikeriak hobe detektatu eta zigorrak handitzea da helburu nagusia. Arau berriaren jomugan droga trafikatzaileak daude, baina baita gizarte segurantzarentzat lan egiten duten taxi gidariak ere. Geolokalizazio sistema ezartzeko aukera aztertzen ari dira benetan ordaindutako lanak burutzen dituztela segurtatzeko. Gobernuak 15.000 milioi euro biltzeko asmoa du lege berriarekin. Batzuek diote ez dela aski urrun joaten, eta besteek behartsuen aurkako testua dela. Zatiketa bat gehiago gehiengo argirik ez daukan herrialdearentzat.