
Bilbao Exhibition Centrek (BEC) argitaratu berri du zentroaren 2024ko inpaktu ekonomiko eta sozialari buruzko txostena. 2024. urtean BPGan 226,9 milioi euroko inpaktua sortu zuen, urtean zehar antolatu ziren 280 ekitaldiei esker. Ekimen horietatik 27 azokak eta erakusketak izan ziren, 223 konbentziozkoak, eta 30 Bizkaia Arenan egindakoak. Azken horietatik 7tan “sold out kartela jarri behar izan" zuten, eta pabiloiak guztira 238.200 bisitari baino gehiago bildu zituen.
Arestian aipatutako azoka eta erakusketei dagokienez, txostenean gaineratzen da gastuen %81a “azokako jardueraren kanpoko sektoretan” banatu zela: %50 ostalaritzan, %18 garraioan, %9 aisialdi eta kultura jardueretan eta %4 txikizkako merkataritzan. Gainerako %19a bideratu zen azoka-jardueretara eta publizitatera.
Orotara, hamabi hilabeteetan 843.800 bisitari izan ziren, 44,3 milioi euro baino gehiagoko zerga-bilketa egin zen, eta, horrez gain, 4.248 enplegu sortu ziren. Sare sozialetan erakundeak 223.000 jarraitzaile izan zituen, alegia, %6 handitu zen zifra 2023ko urtearen aldean. Webguneak ere inoiz baino bisita gehiago jaso zituen: 2 milioi bisita inguru, eta 4,3 milioi orrialde ikusita.
Hala, azken hogei urteetan erakundeak 2.000 milioi euroko (gutxi gorabehera) inpaktua izan du, 3.200 ekitaldi antolatu dira eta 20 milioi bisitari artatu ditu. Etapa hori “Euskal Ogasunetara bideratutako 294,6 milioi euroko sarrerek osatzen dute”, adierazi du BECk, egindako ekarpena “esanguratsua” dela azpimarratuta.