• EKONOMIA
  • 28.170 euroko errenta pertsonala izan zuten batez beste EAEko biztanleek 2024an

28.170 euroko errenta pertsonala izan zuten batez beste EAEko biztanleek 2024an

Errenta erabilgarria, zergak eta gizarte-kotizazioak kenduta kalkulatzen dena, 23.331 eurokoa izan zen

Batez besteko errenta pertsonala %7,2 handitu zen urtetik urtera | Argazkia: iStock
Batez besteko errenta pertsonala %7,2 handitu zen urtetik urtera | Argazkia: iStock
2026ko urriaren 19a - 10:48
Eg. 2026ko urriaren 19a - 14:36

2024an, Euskal Autonomia Erkidegoko adin nagusiko biztanleen errenta, batez beste, 28.170 eurokoa izan zen, 2023an baino %7,2 handiagoa. Hala jakinarazi du gaur Eustat estatistika erakundeak, eta zehaztu du errentarik altuenak Gipuzkoakoak izan zirela, 29.559 euroko batez bestekoarekin; Bizkaian 27.733 eurokoa izan zen zenbatekoa, eta Araban 26.698 eurokoa. Haatik, emakumeen errenta nabarmen baxuagoa izan zen gizonezkoena baino: 23.041 eurokoa emakumeen kasuan, gizonen 33.722 euroen aldean. Urteko hamar mila euroko diferentzia, alegia.

 
Batez besteko pertsona-errenta sexuaren arabera | Argazkia: Eustat
Batez besteko pertsona-errenta sexuaren arabera | Argazkia: Eustat

Hiriburuei erreparatuta, Donostiako biztanleen errentak dira altuenak, hots, EAEko batez bestekoa baino 5.697 euro altuagoak. Bilboko eta Gasteizko biztanleen errenta, ordea, batez bestekotik oso hurbil dago, hurrenez hurren 28.521 euroko eta 27.143 euroko batez besteko errentekin.

Hala ere, nahiz eta errenta pertsonalen batez bestekoa 28.170 eurokoa izan, errenta erabilgarria baxuagoa izan zen. Errenta erabilgarriak zergak eta langileen konturako gizarte-kotizazioak kenduta kalkulatzen da, eta batez bestekoa 23.331 eurokoa izan zen. Gainera, mediana (biztanleria bi zati berdinetan banatzen du eta erdi-erdiko errenta zein den adierazten du) 23.120 eurokoa izan zen. 

 

Errenta pertsonalen jatorria eta familia-errentak

Errenta pertsonalen zatirik handiena, %57,8, laneko errentetatik dator; gainerakoa, %28,9 transferentzien edo gizarte-prestazioen bitartez jasotzen da, eta %9,1 kapital-higigarri zein higiezinen errenten bitartez. %4,2 jarduera ekonomikoen errentak izan dira. 

Familia-errenten datuak ere eskaini ditu Eustatek, zeinak familiako kide guztien errenta pertsonalak gehitzen dituen, adingabeenak barne. EAEko familia guztien batez besteko diru-sarrerak batez beste 56.417 eurokoak izan ziren 2024an. Errenta erabilgarria, aldiz, urteko 46.702 eurokoa izan zen, 2023koa baino %6,1 handiagoa.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain