2024: hazkundea moteldu, baina lan-merkatua gako

BPGak %1,7an itxiko du 2023a EAEn zein Nafarroan Laboral Kutxak partekatutako behin behineko datuaren arabera

Urgoiti eta Madariaga, atzoko agerraldian | Argazkia: Laboral Kutxa Urgoiti eta Madariaga, atzoko agerraldian | Argazkia: Laboral Kutxa

Azken aurreikuspenetan %1,7an kokatu zuen Laboral Kutxak 2023ko EAEko BPGaren zifra, eta %1,5ean Nafarroakoa. Aurreikusitakoa beteko dela dirudi, urte bukaeran %1,7 zifra espero baita, atzo Bilbon aurkezturiko aurreikuspen ekonomikoetan. Hazkunde "nabarmena" eta zifra onak direla nabarmendu du Ibon Urgoiti Laboral Kutxako Negozio Garapenerako zuzendaria zailtasunez beteriko urte baten. Geopolitikak zeharo baldintzatu du urtea, baina baita 2022tik datorren inflazioak eta horri loturiko interes tasen igoera eta moneta politikak ere.

2024ra begira, BPGa are gutxiago haziko dela aurreikusi du Laboral Kutxako Ikerketa departamentuak. Joseba Madariaga departamentuko zuzendariak %1,5ean eta %1,4ean kokatu du hazkundea 2024ra begira EAEn eta Nafarroan, hurrenez hurren. Nola azaldu liteke zifra hori? Hainbat datu eman ditu horretara iristeko.

Industriak behea jo du?

2023aren ezaugarri garrantzitsua izan da industriaren ahultasuna. Lehenengo seihilekoan gorakada txiki bat izan ostean, bigarren hiruhilekotik behera egin du, bere balio erantsi gordinean. Beherakada horretan, esportazioen beherakadak eragiten du "bazkide komertzial direnen ahultasuna dela eta". Madariagak esan duenez, baliteke industriak behea jo izana: euskal esportazioetan ezinbesteko diren metalak, ekipamendu ondasunak, makinak eta tresnak eta garraio materialak hobekuntza izan dute bigarren hiruhilekotik hirugarren hiruhilekora. Oraindik azken hiruhilekoko datuak itxaron beharko dira benetan behea jo duen edo ez baieztatzeko.

Dena den, ikertzailearen hitzetan, interpretatzeko zailena da zeintzuk diren industria bizitzen ari den beherakada horren arrazoiak, eta nondik berreskura daitekeen interpretatzea ere zaildu egiten du horrek.

Horrekin kontrastean, zerbitzuen sektoreak oraindik hobeto eutsi dio (%1,0an kokatu da, industria -2,4en dagoen bitartean), eta enpleguaren esparruan ere portaera ona izan du, besteak beste afiliazioari dagokionez, %2,1en kokatu baita.

Maileguak behera

Era berean, negozio bankarioaren "datu kualitatiboak" eskaini ditu Urgotik, alegia, maileguak nola dauden. 2023an negozioetan egokitzapenak egin behar izan direla ohartarazi du, eta oraindik ere ikusteko dagoela bestelako egokitzapenik egin behar den, moneta eta ekonomia politikaren arabera. "Beherakada izan da mailegu-balantzean", bai enpresei, bai partikularrei dagokienean.

MAdariaga+Urgoiti (pie2)(1)
Madariaga eta Urgoiti | Argazkia: Laboral Kutxa

"Kontsumoa oraindik ere eusten ari da, eta etxebizitza eskuratzeko aukera atzeratu egiten da", adierazi du. Enpresa esparruan, finantzazioaren kostuaren igoerak eragin du batez ere.

Europa, AEB eta interes tasak

Hego Euskal Herriko egoera, baina, ezin da mundu mailakotik isolatuta interpretatu. Eta hor ere badira aldeak, Madariagak azaldutakoaren arabera. Europako BPGaren datuak nahiko berditsuak dira, eta 0tik gertu mantendu dira hiruhleko guztietan. Bertan aipatzekoa da manufakturak eta zerbitzuak neurtzen dituen PMI edo erosketa kudeatzailearen indizea 50etik behera dagoela, kontrakzioan, alegia. Hala ere, lan-merkatuak eutsi egin dio, eta langabezia %6,5ean kokatu da oro har hiru hiruhilekoetan. Testuinguru horretan, Espainia salbuespenetako bat da, %2,4ko hazkundearekin itxiko baitu urtea, batez ere zerbitzu sektorearen bilakaera hobea dela eta

AEBn, aldiz, egoera oso bestelakoa da: BPGa hazten joan da, %1,2an kokatzeraino. PMIan ere, 50etik gora kokatu da, zabaltze fasean dagoela erakusten duena. Langabeziak, baina, hiru hamarren egin du gora.

Edozein kasutan, agertokia beste behin zeharo aldatu ezean geopolitikak-edo baldintzatuta, interes tasen igoerak goia jo duela dirudi, Madariagak adierazitakoaren arabera. EBZk azken bi bileretan —joan den astekoa tarteko— ez du igoerarik egin; Erreserba Federalaren kasuan, uda aurretik ezarritako jaoera da. Hamabi hilabeteko euriborrak ere apur bat egin du behera, 3,8an kokatuz. Horrek esan nahi du interes tasen udara bitarteko igoreak ez duela ekonomian gehiago eragingo? Ezta gutxiago ere. Izan ere, normalean tasen igoeraren eragina "4 eta 8 hilabete bitarteko atzerapenarekin" iritsi daiteke. Ondorioz, litekeena da Europako eta AEBko azken hiruhilekoko zifretan oraindik ere islatzea.

Bi agertoki 2024rako

Ekonomiaren bilakaeraren arabera, bi agertoki espero daitezke 2024. urtera begira, eta gertatu litekeen ekonomiaren 'hondatzeak' baldintzatuko ditu erabakiak-eta, Madariagaren ustez. Lehenengo agertokian, beherakada nabariek ekonomia hoztera eramango zuketen, eta horrek lagun dezake prezioak banku zentralek ezarritako %2ko langara hurbiltzea, eta urteko lehen hiruhilekoan ere prezioen beherakada ekarriko luke horrek.

Bigarrenean, egungo egoera luzatu egingo litzateke, alegia, ekonomia ez litzateke hainbeste ondatuko eta interes tasen beherakada bigarren hiruhilekoan gertatuko litzateke. Geopolitikaren esparruan krisialdiak areagotu ezean, ondo bidean bigarren testuinguru hori izan litekeela uste dute ikerketa taldetik.  Horretan, BPGaren hazkundea %1,5ean kokatu dute EAErako 2024ean, eta %1,4ean Nafarroarako.

Bigarren agertoki horren oinarrian dira kontsumoa, lan-merkatua eta zerbitzuen sektorea, ikertzailearen ustez. Orain arte bezalako lan-merkatu egonkorrak lagundu dezake mantentzen.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK