• EKONOMIA
  • 2024ko Nafarroako batez besteko soldatarik altuena Zizurrekoa izan zen

2024ko Nafarroako batez besteko soldatarik altuena Zizurrekoa izan zen

Sexuaren araberako soldata arrakala %17,6koa da, eta nazionalitatearen araberakoa %29,1ekoa

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026ko ekainaren 30a - 11:18
Eg. 2026ko ekainaren 30a - 11:18

Nafarroako biztanleen batez besteko soldata gordina 32.605,3 eurokoa izan zen 2024. urtean. Nastat estatistika erakundeak urtero jasotzen ditu soldata gordinei buruzko datuak, langileen ezaugarriak kontuan hartuta, izan udalerria, sexua, nazionalitatea, lan egiten duten sektore ekonomikoa, adina edota desgaitasun-egoera.

 

Hala, soldata altuenak izan zituztenak Zizurrekoak izan ziren, 42.842,1 euroko batez bestekoarekin. Balantzaren beste aldean geratu ziren, ordea, Cadreitakoak, soldata gordinik txikiena izan zuen udalerria izan baitzen urteko 25.610,7 euroko batez bestekoarekin. 

Soldata-arrakalak nabaria izaten jarraitzen du emakumeen eta gizonen artean. Nafarroako gizonen urteko soldata 35.569,7 eurokoa izan zen 2024an, eta emakumeena, aldiz, 6.000 euro baxuagoa, batez beste 29.324,9 euro irabazi baitzituzten. Hala ere, arrakala zertxobait txikitu da 2023aren aldean, %18,4koa izatetik %17.6koa izatera pasa baita. 

 
Argazkia: Nastat
Argazkia: Nastat

Era berean, arrakala nabaria da desgaitasuna duten pertsonen soldataren eta desgaitasunik ez dutenen artean: lehenengoen kasuan batez besteko soldata 24.392,1 eurokoa da, eta bigarrenen kasuan 32.803,2 eurokoa. Nazionalitatearen araberako azterketak are desberdintasun handiagoak erakusten ditu: atzerritarren soldata 10.000 euro baxuagoa da (23.703 euroko batez bestekoarekin) bertakoena baino; horrek esan nahi du nazionalitatearen arabera %29,1eko soldata-arrakala dagoela.

Hiru sektore handiei begiratuta, argi ikus daiteke industriako langileek dituztela irabazi gehien, batez bestekoa 36.852,8 eurokoa baita; eraikuntzaren sektorean eta zerbitzuen sektorean zertxobait baxuagoa da batez bestekoa, 33.142,2 eurokoa eta 31.072,8 eurokoa, hurrenez hurren. Azkenik, adinaren araberako neurketak erakusten du 35 urtetik 44 urtera bitartekoek irabazten dutela gehien, 37.353 euroko batez besteko soldatekin; kontrara, 25 urtetik beherakoek dituzte soldata baxuenak, 18.641 eurorekin.