2024: urte berria gure poltsikoetan

Inflazioaren moteltzearekin eta Euriborraren jaitsierarekin ekingo diote euskal familiek urte berriari. Hornidurak eta udal tasek gora egingo dute

Azken bi urteetako inflazioak gogor kolpatu ditu kontsumitzaileen poltsikoak | Argazkia: iStock Azken bi urteetako inflazioak gogor kolpatu ditu kontsumitzaileen poltsikoak | Argazkia: iStock

Gabonetako ospakizun eta gastuen zama oraindik arindu ez dutela egingo diote aurre euskaldunek urte berriari. Azken bi urteetako inflazioaren gorakadak gogor kolpatu ditu kontsumitzaileen poltsikoak. 2023ko lehen hilabeteetan kontsumoari eusteko funtsezkoa izan zen pandemiaren garaian familiak metatutako aurrezkia. Hilabeteek aurrera egin ahala, baina, poltsa gutxika hustu edo gutxituz joan da eta gabon hauetan kontsumoaren moteltzea nabarmena izan da.

Prezioen garestitzea familien kezka nagusienetakoa izan da azken hilabeteotan eta familien kontsumo azturak aldatu ditu. Hego Euskal Herriko familien gastua % 8 handitu zen 2022an aurreko urtearekin alderatuta, Espainiako estatistika institutuaren datuen arabera. 2023ko daturik ez dugu oraindik, baina inflazioren datuak aztertuta, estatu mailan batez besteko kontsumo saskia 1.000 eurotan garestitu da inflazioaren gorakada hasi zenetik, 2021eko apirilean.

Horrek guztiak familien kontsumoa ahalmena murriztu du, eta Gabonetako erosketetan isla izan du. Hala, Cetelem finantza etxeak egindako txosten baten arabera, 589 euro inguru gastatuko dute egun hauetan, iaz baino % 14 gutxiago. Nafarroari dagokionez, Irache kontsumitzaileen elkartea izan da kontsumo azturak neurtu dituena, eta nafarren gastua 359 eurokoa izatea aurreikusten du, aurreko urtean baino % 5 gutxiago. Inflazioa eta interes tasen igoera izan dira familien erosahalmenaren galeraren arrazoi nagusiak. 2024rako, baina, leuntzea espero bada ere, ziurgabetasuna handia da.

Inflazioa lausotuko da, baina elikagaiak garesti oraindik

Inflazioak goia jo zuen urtea 2022a izan zen, baina oraindik ere urrun dago Europako Banku Zentralak ezarritako %2ko xedetik. Christine Lagarde buru duen erakundeak inflazioa eurogunean %5,4ean bukatzea 2023an eta 2024ean % 2,7ra jaistea aurreikusi du. 2025era itxaron beharko dugu % 2ko helburura hurbiltzeko (% 2,1ra helduta). Espainiako estatuan inflazioak %3,1ean itxi zuen urtea. Frantzian % 3,5koa da ezagututako azken datua (azarokoa).

2024ari dagokionez, ikusteko dago Sanchezen gobernuak inflazioari aurre egiteko hartutako ez-ohiko neurriak mantentzen dituen, hala nola elikagaien BEZarena eta garraio publikoarentzako laguntzena. Hala balitz inflazioa % 2,3ra jaistea espero du Espainiako Bankuak. Frantziaren kasuan Europako Batzordeak % 3ko inflazioa aurreikusten du 2024rako. Badira, baina, inflazioaren lausotzea baldintzatu dezaketen hainbat faktore, batez ere erregaien eta elikagaien kasuan, gatazka geopolitikoak eta larrialdi klimatikoa esaterako.

Gaza eta Israelen arteko gatazka itsaso gorrira zabaltzeak, adibidez, merkantzien itsas garraioa zaildu dezake, kostuak garestituz eta hornidura katean eraginez

2023an, EBZren datuen arabera, elikagaiak % 11 garestitu dira. Gorakada % 29ra igotzen da 2021etik batez beste. Kasu jakin batzuetan, olioa edo azukrea, esaterako, igoera handiagoa izan da. 2024an prezioek % 3,6 gora egitea espero da, betiere ez bada aparteko beste gertakizunik edo klima aldaketak eragin dezakeen bestelakorik gabe. Gaza eta Israelen arteko gatazka itsaso gorrira zabaltzeak, adibidez, merkantzien itsas garraioa zaildu dezake, kostuak garestituz eta hornidura katean eraginez.

Espainiar estatuari dagokionez, elikagaien gaineko neurri fiskalak, BEZa jaitsiz, inflazioa menderatzen lagundu du. Oinarrizko zenbait elikagaien gaineko %4ko zerga bertan behera utzi zuen aldi baterako Espainiako gobernuak 2022ko abenduan (ogia, esnea, arrautzak eta gaztak tarteko). Era berean, oliba olioaren edo pastaren kasuan %10etik %5erako murrizketa ere mantenduko du.

Argindarra eta energia

Urte berezia izan da 2023 energiari dagokionez. Ekialde Hurbileko gatazkak hasiera batean petrolioan eragin bazuen ere, erregaien prezioek minimoetan bukatu zuten urtea. Argindarrari dagokionez, salbuespen iberiarrak elektrizitatearen prezioa baldintzatu du, inflazioa menderatzen lagunduta. Abenduaren 27an araututako tarifadun kontsumitzaileek, esaterako, 79,55 eurotan ordaindu zuten, batez beste, megavatioa, salbuespen iberiarra indarrean sartu baino hamar aldiz gutxiago. Salbuespena 2023ko abenduaren 31an mugaeguneratu da eta ikusteko dago zer gertatuko den. Litekeena da neurri alternatiborik ez adostea Europak, azken hilabeteetan salbuespenezko mekanismoa ez delako erabili.

Ukrainako gerrak eragindako energiaren gorakadari aurre egiteko hartutako bestelako neurri batzuk pixkanaka kenduko ditu Espainiako Gobernuak

Espainiako Gobernuak inflazioaren ondorioei aurre egiteko argindarraren BEZa % 21etik % 5era jaitsi zuen. 2024rako argindarraren BEZ % 10era igoko du. Ukrainako gerrak eragindako energiaren gorakadari aurre egiteko hartutako bestelako neurri batzuk pixkanaka kenduko ditu gobernuak. Gasa, egurra eta pelleten BEZa % 21etik % 5era murriztu zuen gobernuak eta 2024ko lehen zatian jatorrizko tasara igoko da berriz ere. Era berean, % 0,5era jaitsi zuten argindar elektrikoaren gaineko zerga % 5,11era bueltatuko da, eta etenda utzi zuten energia elektrikoaren ekoizpena zergatzen zuen zerga % 7ra itzuliko da

Interes tasek goia jo dute

Pandemiaren osteko kontsumoaren goraldiak eta, batez ere, Ukrainako gerrak eragin zuen inflazioaren gorakadan. Europan ez ezik, beste gune ekonomiko nagusietan ere prezioak kezka iturri bilakatu ziren eta banku zentralek moneta politika zorroztu zuten, inoizko interes tasen gorakadarik malkartsuena abian jarrita. Banku Zentraletako arduradunek diskurtsoak gogortu zituzten. Jerome Powell AEBetako Erreserba Federaleko buruak, esaterako, moneta politikaren ildo berriak “familia eta negozioei mina” eragingo ziela nabarmendu zuen. Europan Christine Lagardek antzeko mezuak zabaldu zituen, eta interes tasak % 4,5era igo zituen 14 hilabeteko tartean.

Euriborra, bankuarteko merkatuko erreferentziazko tasa, igoera horren isla izan da, eta antzeko ibilbidea izan zuen. 2022ko martxoan izan zen euriborra azken aldiz negatiboan, eta berehala ekin zion goranzko bideari. 2023ko urrian jo zuen goia, % 4,16ra helduta. Azken datuen arabera, abenduko batezbestekoa %3,68koa izan da.

EAEko familien finantza esfortzua (mailegua ordaintzera bideratzen den diru sarreren ehunekoa) bi puntu igo zen 2022an, batez besteko soldataren % 30,22ra helduta, eta 2023an joera hori areagotu da

EBZk argi azaldu zuen tasak igotzen jarraituko zuela inflazioa menderatu bitartean, betiere ekonomiak eusten bazuen. 2023ko bukaeran aldatu zuen diskurtsoa Lagardek. Ekonomiaren moteltzea nabarmena zen eta inflazioak beherako bidea zuen hartuta. Iazko bileretan tasak bere baitan uztea erabaki zuen EBZk, eta merkatuak beherazko bidea hartu zuen, Lagardek 2024ko erdialdean tasak jaitsiko zituelakoan.

205.000 familia inguruk dute hipoteka mailegu aldakorra, euriborrarekin lotuta. Kasu horietan urtero berrikusten da, batez ere, maileguaren kuota eta urtebetean euriborrak lau puntu inguru gora egiteak hipotekadunen ordainketa gaitasuna nabarmen okertu zuen. Etxebizitzaren behatokiaren arabera EAEko familien finantza esfortzua (mailegua ordaintzera bideratzen den diru sarreren ehunekoa) bi puntu igo zen 2022an, batez besteko soldataren % 30,22ra helduta, eta 2023an joera hori areagotu da. Interes tasen gorakadaren aurrean bezeroek maileguak amortizatzea erabaki dute 2023an, azken 15 urteotako amortizazio tasarik altuenera helduz. Etxebizitzen salmenten merkatuak ere interes tasen garestitzearen albo kalteak pairatu ditu. Hala, 2023ko urrian etxebizitzen salerosketek % 17,6 egin zuten behera EAEn eta % 11 Nafarroan.

Euriborra beheruntz, baina mantso

Abenduko urtebeterako euriborraren batezbestekoa % 3,68 izan da, hirugarren hilabetez jarraian jaitsi eta gero. Maileguaren berrikusketa sei hilerik behin dutenek laster sumatuko dute kuota arindu zaiela, zertxobait bada ere. 2023ko ekaineko batez besteko euriborra % 4,007koa zen. Abendukoa, hortaz, baxuagoa izan da, eta horrek kuota jaitsiera ekarriko du. Errebisioa urtero dutenek, ordea, apur bat gehiago itxaron beharko dute. Euriborra martxoko balioetara bueltatu zen abenduan, eta hortaz, oraindik hilabete batzuk itxaron beharko dute hipoteka dutenek kuotetan jaitsierak ikusteko. Euriborraren jaitsiera, hori bai, ez da izango igoera bezain malkartsua.

Euriborraren moteltzeak gordailuen interesak jaistea ekarriko du 2024ean

Euriborraren igoerak beste alde bat ere izan du, bezeroen aurrezkiak ordaintzea. Kostata hasi ziren finantza erakundeak epe finkorako gordailuengatik bezeroei interesak ordaintzen eta hainbatek Altxor Publikoaren letrak eta bonoak erosteari ekin zioten haien sosei errentagarritasuna ateratzeko. Banku txikiak hasiera batean eta handiagoak gerora pasiboak ordaintzen hasi ziren 2023ko bigarren zatian. Aspalditik ahaztutako produktuak ere agertu ziren bezeroen aurrezkiak erakartzeko: gauzazko ordainketa eskaintzen zuten gordailuak, patinete elektrikoak, aire-frijigailuak eta tabletak besteak beste. Euriborraren moteltzeak gordailuen interesak jaistea ekarriko du 2024ean. Izan ere, oldarkorrenak izan diren bankuak eskaintza murriztu dute.

Etxebizitza jomugan

Etxebizitzarekin lotutako hainbat nobedade izango ditugu 2024an. Alde batetik, alokairuari dagokionez, nafarren % 12,6 eta EAEko biztanleen % 11,8 errentan bizi dira eta etxebizitzen alokairuen prezioa kezka iturri nagusietako bat izan da. Pandemiaren ondorioei aurre egiteko Espainiako Gobernuak alokairuen prezioa mugatzea erabaki zuen. 2023an, esaterako, jabeek % 2 baino ezin izan dute errenta igo. 2024an ere igoerak muga izango du, %3koa. Horrelako muga izango duen azken urtea izango da. 2023an onartutako etxebizitzaren lege berriak estatuko estatistikaren esku uzten du alokairuen errebalorizazioa. Urtea bukatu aurretik erreferentziazko indize berria aurkeztu beharko du Espainiako estatistika institutuak.

Pandemiaren ondorioei aurre egiteko Espainiako Gobernuak alokairuen prezioa mugatzea erabaki zuen. 2023an, esaterako, jabeek % 2 baino ezin izan dute errenta igo

Espainiako Kongresuak aurreko urtean onartutako etxebizitzaren lege berria indarrean sartuko da 2024ean. Lege honek autonomia erkidegoei “tentsionatutako eremuak” identifikatzeko aukera ematen die, bertan alokairuen prezioa mugatuz. Eusko Jaurlaritzak 41 udalerri hartu ditu tentsionatutako eremutzat, bertan EAEko biztanleen % 55 bizi delarik. Nafarroaren kasuan 26 zonalde aukeratu ditu, populazioaren % 36. Eremu horietan prezioa mugatu ahal izango dute autonomia erkidegoek Espainiako Gobernuak ezarriko dituen gehienezko prezioen arabera. Ikusteko dago, baina, legea azkenean aplikatuko den ala ez, hainbat erkidegok, EAE tartean, helegitea aurkeztu baitute.

Pertsona zaurgarrienen etxegabetzeen debekuan mantendu egingo da printzipioz beste urtebetez, pandemian ezarritako neurriari eutsiz. Alegia Praktika Onen Kodera atxikitu ahalko dira. 25.200 euro baino gutxiagoko errentak dituzten familiek gabealdia izan ahalko dute bost edo bi urtekoa, eta 29.400 baino gutxiagokoentzat urtebetez kuota izoztu ahalko zaie.

Emantzipaziorako laguntzak gazteentzat

Etxebizitzaren arazoa are nabarmenagoa da gazteen artean eta horri aurre egiteko 25 eta 29 urte bitarteko gazteen emantzipazioan laguntzeko dirulaguntzak onartu berri ditu Jaurlaritzak. Otsailaren 20tik aurrera hileko 300 euroko laguntza eskatu ahal izango dute 28.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten gazteek. Muga 34.000 euroan izango da errenta ezkontidearekin edo izatezko bikotekidearekin egiten dutenen kasuan. Etxebizitza bakoitzean gehienez hiru lagunek eskatu ahalko dute. Nafarroako Gobernuak ere Emanzipa programaren barruan baditu antzeko laguntzak, eta 2024rako hobari fiskalak hobetuko dituzte.

Soldatak, pentsioak eta errentak

Urte berriak diru-sarreren inguruko berritasunak ere badakartza. Alor pribatuko enpresetan lan hitzarmenek jasotzen dituzte langileen soldaten igoerak. Egun EAEko langileen % 43k lan hitzarmena berritu gabe dute. Eguneratu diren hitzarmenetan soldaten igoera % 4koa izan da, batez beste. 2023aren azken hilabeteek aldaketa garrantzitsua ekarri zuten hitzarmenen negoziazioaren eremuan, EAJk Sanchezen gobernuarekin autonomia erkidegoen hitzarmenak estatu mailakoen aurretik lehenestean, betiere estatu mailakoak baino hobeak badira.

Egun EAEko langileen % 43k lan hitzarmena berritu gabe dute

Alor publikoari dagokionez, Espainiako Gobernuak finkatzen ditu administrazio publikoko langileen soldatak igoerak. 2022an CCOO eta UGT sindikatuekin adostu zituen hurrengo urteetarako igoerak. Hala, 2024ean funtzionario publikoek % 2ko igoera izango dute printzipioz. Igoera hori, zenbait aldagaien arabera, % 2,5era ere iritsi liteke. EAEko administrazio publikoetako eta Nafarroako Gobernuko langileek, halere, igoera altuagoak izan ditzakete, EAJk Sanchezekin adostutako neurri bati esker. Nafarroak zein EAEk estatuarekin dituzten batzorde mistoetan adostu liteke Hego Euskal Herriko funtzionarientzat igoera altuagoak.

Lanbide arteko gutxieneko soldatari dagokionez, momentuz izoztuta ekingo dio urte berriari. Espainiako Gobernuaren azkeneko proposamena da %4ko igoera izatea, sindikatuek —CCOO eta UGTk zehazki— %5ekoa eta enpresariek %3koa eskatzen duten bitartean. Neurria onartzen denean, hori bai, atzeraeragina izango luke, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatzeko. Momentuz, 1.080 eurokoa da.

Langabezia subsidioak ere aldaketak izango ditu hasi berri dugun urtean. Langabezia prestazioa kobratzeko denbora minimoa kotizatu ez dutenek jasotzen dute subsidio hori. Kopurua 570 eurora handituko du Espainiako gobernuak 2024ko ekainetik aurrera, orain arteko 480 eurotatik.

Jubilazio adina 66 urte eta 6 hilabetetan ezarriko da 2024ean 38 urte baino gutxiago kotizatu dutenentzat

Nabarmentzekoa da, era berean, erretiroaren alorreko nobedadeak. Alde batetik koska bat luzatu egiten da erretiratzeko adina. Jubilazio adina 66 urte eta 6 hilabetetan ezarriko da 2024ean 38 urte baino gutxiago kotizatu dutenentzat. Denbora tarte luzeagoa kotizatu dutenek, aldiz, 65 urterekin jubilatu ahal izango dira. Pentsioak, oro har, %3,8 igoko dira baina badira neurri gehigarriak. Kotizazio gabeko pentsioak % 6,9 igoko dira, eta zaintzapean senideak dituzten alargunen pentsioetan igoera % 14,1era heldu liteke.

Bizitzeko Gutxieneko Diru-Sarrerak ere igoera nabaria izango du 2024ean, % 6,9koa. Hego Euskal Herriko 30.000 lagunek jasotzen dute hori. 2024etik aurrera Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera EAEn Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentarekin uztartuko da. Azken hau % 5 igoko da, eta hartzaile gehiagok jaso ahalko dute. Izan ere, 2024tik aurrera 18 eta 23 urte bitarteko gazteek ere jaso ahalko dute eta genero indarkeriaren biktimek edo errefuxiatuek ez dute aparteko baldintzarik bete beharko.

Udal tributuak: zaborretan igoera gehien

Urtero bezala udalek zerbitzuen tasak eguneratzen dituzte. Aurten alde nabarmenak daude udalerri eta zerbitzuen artean. Bilbon, Gasteizen, Barakaldon, Pasaian eta Basaurin, esaterako,  tasak % 3 igoko dira. Bizkaiko hiriburuaren baliabideen herena suposatzen dute tasek eta hiru urtez izoztuta egon eta gero igo dituzte. Badira gutxiago igoko dituzten udalerriak (Etxebarri, Ortuella, Sestao, Laudio…) eta igoera altuagoak izango dituztenak. Arrasaten % 4 igoko dira eta Iruñerrian zein Irunen % 5. Donostian igoerak zerbitzuen araberakoak izango dira. Hala ura eta estolderia eta aparkatzekoa % 5 igoko da baina garabi zerbitzua % 7,5.

Udalerri asko hasi dira zaborraren tributua igotzen datorren urteko helburura heltzeko

Nabarmentzekoa da zaborren kudeaketan egongo den tasen igoera orokortua. Ekonomia zirkularrerako hondakin eta kutsatutako lurren legeak ezartzen du 2025erako zaborren kudeaketaren tributuak zerbitzuaren kostu osoa bere gain hartu beharko duela. Egun ez da hori gertatzen eta udalerri asko hasi dira zaborraren tributua igotzen datorren urteko helburura heltzeko. Gasteizek, esaterako, % 10 igo du zaborraren tasa, Tolosak % 5 eta Iruñerriak %8. Datorren urtean etorriko dira, hortaz, igoera handienak.

Garraioan: laguntza mugatuak

Udalen tributuez gain bada urte berrirako aintzat hartu beharreko aldagai bat garraioaren alorrean. 2023 bitartean garraio publikoak % 50eko hobaria izan zuen. Estatuak % 30 hartu zuen bere gain eta erkidegoek gainerako % 20. 2024an Sanchezen gobernuak laguntza mantentzea onartu du erkidegoek (eta gainerako administrazio publikoek) haien zatiari eusten badiote. Nafarroak dagoeneko esan du deskontuekin jarraituko duela. Gipuzkoak hobaria mantendu egingo du norbanakoen Mugi garraio txartel pertsonalizatuetan (ez ordea anonimoetan) eta Bizkaian garraio partzuergoak hileko abonoetan baino ez aplikatzea erabaki du.

Zergak

Aurreko urteetan bezala ogasunek PFEZaren taulak deflatatzea aurreikusten da. EAEko Finantzen Euskal Kontseiluan % 2,5eko deflatazioa onartu zuten. Bizkaiko Foru Aldundia izan da aurrekontuak onartu ahal izan dituen foru erakunde bakarra, bertan % 2,5eko deflatazioa jasotzen delarik. Araban foru gobernuak PPrekin adostu behar izan du deflatazioa onartzeko araua, eta Gipuzkoan espero da ez-ohiko lege baten bidez egitea. Nafarroan %7ko deflatazioa onartu dute hurrengo bi urteetarako (%3 2023an eta %4 2024an).

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK