Eusko Jaurlaritzak 2024rako aurrekontuak onartu ditu gaur, eta 15.025 milioi eurokoak izango dira. Jaurlaritzaren osasun, hezkuntza eta lan eta enplegu sailak osatuko dute guztikoaren %65. Oposizioaren zuzenketarik gabe onartu dira, EAJ eta PSEk duten gehiengoa baliatuz.
Guztizko kopurutik 5.000 milioi osasun sailera bideratuko dira. Hezkuntza sailak 3.672 milioi euro izango ditu, eta lan eta enplegu departamentuak beste 1.177,4 milioi euro. Horietatik 641 milioi euro prestazioetarako izango dira.
Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren hitzetan, “asmo handiko aurrekontuak dira. Oinarri sendoak, errealistak eta euskal gizartearen gehiengo handi batek babestutako programarekin koherenteak” direnak. EAEk “gizarte berdeago, digitalago eta bidezkoago baterantz aurrera egiteko bermatuko duen” aurrekontuak direla ere adierazi du.