• EKONOMIA
  • 2024rako BPGaren %1,6ko hazkundea aurreikusten du Confebaskek

2024rako BPGaren %1,6ko hazkundea aurreikusten du Confebaskek

Gaur aurkeztutako txostenaren arabera, EAEko langabezia tasa %7tik jaitsiko da datorren urtean

Argazkia: Confebask
Argazkia: Confebask
2023ko abenduaren 22a - 11:47
Eg. 2023ko abenduaren 22a - 11:57

Confebaskek BPGaren %1,6ko hazkundea aurreikusten du EAEn 2024rako. Hala ondorioztatu dute patronalak gaur aurkeztutako txostenean. Hazkunde “oso laua” izaten jarraituko du euskal ekonomiak datorren urteko lehen hilabeteetan, eta urteak aurrera egin ahala, “dinamismo handiago bat” izango du.

 

Eraikuntza eta zerbitzu sektorea egungo joera berean mantenduko dela iritzi dio patronalak, eta industriak izango du hazkunderik ahulena. Enpleguari dagokionez, Confebaskek Gizarte Segurantzan 13.000 afiliatu berri egongo direla neurtu du, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan milioi bat kotizatzaile baino gehiago izaten jarraituko dute. Hala, langabezia tasa %7ra jaitsiko dela da patronalaren aurreikuspena, 2023an aurreikusitakoa baino puntu bat beherago, eta Europako batez bestekoaren gainetik.

Era berean, txostenak euskal enpresen kezka nagusiak aipatzen ditu. Lan kostuen hazkunde handia, langile kualifikatuak aurkitzeko arazoak (gehien handitzen ari den kezka iturria da), errentagarritasunaren murrizketa, eta banku finantzaketa lortzeko zailtasuna eta garestitzea dira kezka horiek.

 

Txostenaren aurkezpenean izan dira Tamara Yague Confebaskeko presidentea, Eduardo Aretxaga zuzendari nagusia eta Pablo Martin ekonomia arduraduna. Azken honek 2024a “arrisku handiko urtea” izango dela azpimarratu du. “Inflazioaren eta interes tasen bilakaera, Europan onartuko den zerga diziplinaren esparru berria eta Europako eta Ekialde Ertaineko gerra krisien bilakaera nabarmenduko dira”.

Halaber, Yaguek “oreka puntu bat” bilatu beharra dagoela adierazi du. “Merkatuan jarraitzeko aukera emango diguten inbertsioak egiteko beharra eta, era berean, abian dauden trantsizioei ekitea nola uztartzen dugun ikusteko, enpresen errentagarritasunak beheranzko joera duelarik”.