
Aurrekontua onartzeko prozesua abian da Hego Euskal Herrian. EAEn, aldaketarik ezean, irailean lehen zirriborroa izango da, eta Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren ondorioekin osatuko da. Aurreproiektua urriaren 28an onartuko da Gobernu Kontseiluan, eta urriaren 31 baino lehen bidaliko da Eusko Legebiltzarrera, indarrean dagoen araudiak ezartzen duen bezala. Jaurlaritzaren ustez, aurrekontuak ez dira finantza-tresna bat soilik, "Euskadiren etorkizuna eraikitzeko benetako bide-orria" baizik. Horrela, 2026ko erronkei aurre egiteko ilusioz, arduraz eta herri ikuspegiarekin lan egiteko prest dagoela berretsi du.
Aurreproiektua urriaren 28an onartuko da Gobernu Kontseiluan, eta urriaren 31 baino lehen bidaliko da Eusko Legebiltzarrera
Kontuak onartuko dituzte, berme osoz, Jaurlaritzako alderdiek (EAJk eta PSE-EEk) osatzen duten gehiengoari esker. Noël D'Anjou, Ogasun eta Finantza sailburuak, nolanahi ere, adierazi du Eusko Jaurlaritzak baduela oposizioarekin akordioak lortzeko borondatea, eta, beraz, Legebiltzarreko taldeekin bilduko dela Gobernu Kontseiluan proiektua onartu aurretik kontuei buruz hitz egiteko.
Nafarroan gastu-sabaia handituko dela erabaki du egunotan gobernuak, José Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariaren adierazpenen arabera, eta gizartearekin duen konpromisoa adieraziz hartu du erabakia. Kontseilariaren arabera, gastu-mugaren zifra handitzea gero eta zailagoa da aurre egin beharreko eskakizunak eta hartutako konpromisoak kontuan hartuta. Hala ere, beste urte batez, gastu-mugaren zifra hazten ari da, eta, horrela, Nafarroako Gobernuak gizartearekin duen konpromisoa erakusten du. Gastu-sabaia onartuta, aurrekontuak egiteko prozesuaren lehen urratsarekin, Nafarroako Gobernuak aurrekontu horiek negoziatu beharko ditu parlamentuko askotariko taldeekin, azken onarpena lortzeko.
Gehieneko gastuaren muga onetsita, Nafarroako 2026ko Aurrekontu Orokorren aurreproiektua prestatzeko barne prozesua hasiko da
Gehieneko gastuaren muga onetsita, Nafarroako 2026ko Aurrekontu Orokorren aurreproiektua prestatzeko barne prozesua hasiko da. Irailaren 15ean onetsi eta departamentuei bidali zaie Foru Agindua, gastu-sabaiaren banaketarekin eta hura egiteko jarraibide ekonomiko eta teknikoekin. Barne prozesu hori urriaren lehen hamabostaldian bukatuko da, Nafarroako Gobernuak aurreproiektua onartuta. Aurreproiektua gauzatu ondoren, testua Nafarroako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluari, Ingurumen Kontseiluari eta Toki Araubideko Foru Batzordeari bidaliko zaie, haien iritzia eman dezaten. Testu hori Foru Lege proiektu gisa onetsi baino lehen, Gobernu Bilkurak eginen du eta, gero, Nafarroako Parlamentura igorriko da, eztabaida dezan.
Zer-nola egingo dira aurrekontuak
Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, Jaurlaritzak ortzimugan du uztartzea epe laburreko ekintzak eta Euskadi Europako eskualde aurreratuenen artean kokatuko duen epe luzeko ikuspegia. Hori da, behintzat, bilatu nahi duena. 2026ko kontuak jasangarriagoa, digitalagoa eta pertsonengan murgilduagoa eraikitzera bideratu nahi dira, genero-ikuspegia politika guztietan txertatuz. Jaurlaritzak adierazi bezala, aurrekontu berriaren helburua berehalako erronkei erantzuteaz gain, epe luzerako eraldaketa estrategikoak bultzatzea da.
Gobernuaren aurrekontu-estrategia legegintzaldia gidatzen duten bost ardatz nagusiren inguruan egituratzen da: pertsonen bizitza hobetzea, hazkunde ekonomikoa eta ongizatea bultzatzea, eraldaketa energetikoan eta jasangarritasunean aurrera egitea, bizikidetza-eredu sendoa eta bidezkoa sustatzea eta autogobernua indartzea.
Jaurlaritzak ortzimugan du uztartzea epe laburreko ekintzak eta Euskadi Europako eskualde aurreratuenen artean kokatuko duen epe luzeko ikuspegia
Gobernuak aurreikusten du EAEn Barne Produktu Gordina (BPG) %2,1 haziko dela 2025ean eta %1,8 2026an (hamarren bat gehiago urte bakoitzean, aurreko aurreikuspenekin alderatuta). Enpleguari dagokionez, kalkuluen arabera, 2026an 12.000 lanpostu berri inguru sortuko dira, hau da, %1,2 gehiago. Halaber, langabezia-tasa % 7ra jaistea aurreikusten da 2025ean, eta 2026an espero da maila horri eustea edo datua hobetzea.
Nafarroako Gobernuak gastu ez-finantzarioaren muga %5,5 igotzea onartu du 2026ko aurrekontuetarako, eta 6.315 milioi eurotan kokatu da, hau da, 2025eko aurrekontuarekin alderatuta, 328,6 milioi gehiago. Ildo horretan, onartutako gehieneko gastuari deskontatu behar zaizkio Estatuari egindako ekarpena (une honetan, 932 milioi euro ingurukoa) eta Tokiko Ogasunen Funtsa (345 milioi euro). Hala, gastu ez-finantzarioaren muga 5.038,1 milioi eurokoa da, 2025ekoa baino %5,4 handiagoa.
Nafarroako Gobernuak gastu ez-finantzarioaren muga %5,5 igotzea onartu du 2026ko aurrekontuetarako
Espainiaren eta Nafarroaren arteko Hitzarmen Ekonomikoak ezartzen duen aldebiko harremanari dagokionez, Koordinazio Batzordeak 2025eko otsailaren 13an akordio bat sinatu zuen 2025-2027 aldirako aurrekontu-egonkortasunaren eta zor publikoaren helburuak ezartzeko. Horri dagokionez, datorren ekitaldirako aurreikusten dena da defizita Foru Erkidegoko BPG nominalaren %0’3ra irits daitekeela, hau da, termino absolutuetan, ia 88 milioi euro.
Inbertsio estrategikoa eta lankidetza publiko-pribatua
Aurrekontuaren funtsezko ildoa izango da inbertsio estrategikoa. Gobernuak bere esku dituen baliabide guztiak aktibatzeko konpromisoa hartu du, Kontzertu Ekonomikoaren optimizazioa eta lankidetza publiko-pribatuaren aldeko apustu sendoa barne. Helburua ekonomia indartsuagoa, lehiakorragoa eta inklusiboagoa bultzatzea da. Horretarako, aurrekontuak lehentasuna emango die hezkuntza, osasuna, etxebizitza, segurtasuna, gizarte-zerbitzuak eta talentua erakartzea bezalako arloei.
Ildo horretan, Jaurlaritzak ikerkuntzan, garapenean eta berrikuntzan (I+G+b) inbertitzeko konpromisoari eutsiko dio, eta urtean gutxienez %6ko igoera izango du, talentua erakartzeko, industria indartzeko eta berrikuntza babesteko.
Jaurlaritzak ikerkuntzan, garapenean eta berrikuntzan (I+G+b) inbertitzeko konpromisoari eutsiko dio, eta urtean gutxienez % 6ko igoera izango duela
José Luis Arastik azpimarratu du Nafarroako Gobernuak, gastu-muga onartuta, berretsi egiten duela nafar gizartearen onurarako lan egiteko ikuspegia. Bere hitzetan, 6.300 milioi euro baino gehiagoko gastu-sabaia lortzea lorpen bat da, eta horrek ekarriko du nafarren bizi-baldintzak hobetzea edo, gutxienez, mantentzea. Arastik ere aurreratu zuen Gobernuaren ahaleginak jarraituko duela Nafarroa leku hobea eta erakargarriagoa egiteko.
Eusko Jaurlaritzaren arabera, "DANA" bezalako fenomeno klimatikoek edo "itzalaldiaren" gisako gertakariek agerian utzi dute jasangarritasuna eta eraldaketa energetikoa premiazko beharra direla. Hori dela eta, trantsizio energetiko justu eta jasangarria erdiesteko ahaleginak areagotzea eskatu du, ekoizpen-sektorea eraldatuz eta lehiakortasuna irabaziz.
2026ko aurrekontua egiteko, finantza-iraunkortasunarekiko konpromisoa hartuko da kontuan
Esparru horretan, Eusko Jaurlaritzak ahaleginak areagotuko ditu trantsizio energetikoa bizkortzeko, ekoizpen-sektorea modernizatzeko eta lehiakortasuna modu iraunkorrean irabazteko. Halaber, Jaurlaritza prest agertu da eskumenak bere gain hartzeko eta arlo horretan inbertsio berriak zuzenean kudeatzeko.
Zorroztasun fiskala eta egonkortasuna
2026ko aurrekontua egiteko, finantza-iraunkortasunarekiko konpromisoa hartuko da kontuan. Eusko Jaurlaritza zorroztasun fiskalaren eta inbertitzeko ahalmenaren arteko orekaren alde dago, bereziki herrialdearen garapen ekonomiko eta sozialerako funtsezkoak diren arloetan. Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak, gainera, Nafarroako Gobernuak iruzur fiskalaren aurka borrokatzeko 2025-2027 Plana onartzeko hartu duen erabakia aztertuko dute.
Egungo egoerak zuhurtzia eskatzen du, baina baita erabaki estrategikoak hartzeko ausardia ere. Zerga-bilketaren bilakaerak eta egonkortasun fiskaleko araudietatik eratorritako murrizketek ere jarduteko marjinan eragina izango dutela gogorarazi dute.