• EKONOMIA
  • 2026ko aurrekontuetan murrizketak salatu ditu ELAk

2026ko aurrekontuetan murrizketak salatu ditu ELAk

Sindikatuak uste du Jaurlaritzaren aurrekontuek ez diotela erantzuna ematen Osakidetzari, hezkuntza publikoari eta etxebizitza eskuratzeko arazoari

Argazkia: ELA sindikatua
Argazkia: ELA sindikatua
2025eko azaroaren 10a - 12:20

ELA sindikatuak Nöel D’Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak iragarritako 2026ko aurrekontuei buruzko iritzia plazaratu berri du: “Ez dira aurrekontu hedakorrak; Jaurlaritzak %4,1eko igoera iragarri duen arren, aurrekontua %1,3 baino ez da handitu”, esan dute.

 

Sindikatuaren ustez, Osasuna eta Hezkuntza partida garrantzitsuetan ez da aurrekontuen gorakadarik izan, are gehiago, txikitu egin dira. Osasunari dagokionez, 2026an 2025ean baino milioi bat gutxiago inbertituko dela jakinarazi du ELAk, eta hezkuntzan desberdintasuna oraindik eta handiagoa da, 191 milioi euro gutxiago erabiliko baitira.

Etxebizitzaren sailak egin dituen aurrekontuan ere gorabeherak iragarri ditu sindikatuak, Denis Itxaso sailburuak “propaganda helburuekin zifra-dantza” egin duela salatuta. Datorren urterako 482 milioi euro iragarri zituen Jaurlaritzak, eta sindikatuak azaldu duenez, “2025eko irailera arte eguneratutako datuek erakusten dute aurrekontua 496 milioi eurokoa izango dela”. Ildo beretik, 300 euroko laguntzen zenbatekoa “izoztuta” dagoela gaineratu du ELAk.

 

Bestalde, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren eskaerari uko egitean  Jaurlaritzak “jarrera antidemokratikoa” izan duela gaineratu du taldeak.

Azkenik, sindikatuak gogorarazi du aurrekontuak langile klaseak sostengatutako zergekin finantzatzen direla: “EAEko zerga bilketa iaz baino %10 handiagoa izango da, eta 20.000 milioi euroko errekorrak gaindituko dira; hala ere, Sozietate Zergatik datozen sarrerak %14 jaitsiko dira”.