• EKONOMIA
  • 2026ko irailean landetxeetako sarrerek %3,6 gora egin dute EAEn

2026ko irailean landetxeetako sarrerek %3,6 gora egin dute EAEn

Irailean 20.425 sarrera izan dira EAEko landetxeetan eta 49.047 ostatu-gau. Igoera nabarmenena Araban gauzatu da, bertan %13,4 gora egin du

Landetxeen turismoak gora egin du 2026ko irailean | Argazkia: iStock
Landetxeen turismoak gora egin du 2026ko irailean | Argazkia: iStock
2026ko urriaren 26a - 12:53
Eg. 2026ko urriaren 26a - 14:14

EAEko landetxeetako turismoak igoera izan du 2026ko irailean. Aurreko urteko irailarekin alderatuta %3,9 igo dira landetxeetako sarrerak. Apartamentu turistikoetan %11,7 igo da eta turismo-aterpetxeetan, %1,8 igo da. Eustatek argitaratutako datuen arabera, 2026ko udan (uztaila, abuztua, iraila) landetxeetako sarrerak %2,3 gora egin dute, apartamentu turistikoetan %13,9 eta turismo aterpetxeetan %9,2 igo dira.

 

Landetxeetan 20.425 sarrera izan dira eta 49.047 ostatu-gau. Igoera hau modu desberdinean gauzatu da lurraldeka. Araba izan da landetxeetan erregistratutako sarrerak gehien igo diren lurraldea. Bertan 4.004 sarrera zenbatu dira, aurreko urteko irailean baino %13,4 gehiago. Gipuzkoan igoera %6,6koa izan da 9.692 sarrerekin eta Bizkaian %4,2ko jaitsiera egon da 6.729 sarrerekin.

Apartamentu turistikoei dagokienez, 2026ko irailean sarrerak 29.641 izan dira eta ostatu-gauak 94.084. Sarrerak aurreko urteko irailean baino %11,7 gehiago izan dira. EAEko apartamentu turistikoetan izandako sarrera guztien %49,6 atzerritar jatorriko bisitarienak izan dira.

 

Turismo-aterpetxeei dagokienez, sarrerak 25.860 izan dira aurtengo irailean eta 44.266 ostatu-gaua izan dira. Sarreren %1,8ko igoera izan da aurreko urteko irailarekin alderatuta.

Datu hauekin, Eustatek udako balantzea egin du eta hiru ostatu motetan igoera egon dela baieztatu du. Hiru hilabeteetan (uztaila, abuztua eta iraila) EAEko landetxeetako sarrerak %2,3 igo dira aurreko urteko udarekin alderatuta, baina ostatu-gauak proportzio berean jaitsi dira. Apartamentu turistikoen sarrerak %13,9 igo dira eta 112.192 sarrera izan dira. Aterpetxe turistikoetan igoera egon da eta 109.044 sarrera izan dira. Aurreko urteko udako datuekin alderatuz, sarreren %9,2 igo da.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain