Ekonomiaren hazkundea espero baino txikiagoa izango da aurten Hegoaldean. EAEren kasuan, %1,9ko igoerarekin itxiko du 2026. urtea, BBVA Researchek martxoan aurreikusitakoa baino hiru hamarren gutxiago. Halaber, Nafarroak %1,8 egingo du aurrera aurten, aurreikusitakoa baino gutxiago kasu horretan ere.
BBVA Researchen arabera, esportazioen eta industria-ekoizpenaren beherakadak eragin du bi lurraldeetarako aurreikuspenek beherantz egitea. Txostenean zehazten denez, energiaren garestitzeak, hornikuntza-kate globaletan dauden arazoek eta Europako eskaria moteldu izanak bereziki eragiten diete “pisu industrial eta esportatzaile handiagoa duten ekonomiei”.
2027ra begira, EAEn zein Nafarroan, BPGa %2,4 haziko da bi kasuetan. Hala ere, aurreikuspen hori ere erakundeak martxoan egindakoa baino lau hamarren txikiagoa da. Bestalde, BBVA Researchek adierazi du nazioarteko testuinguruak eragina izaten jarraituko duela esportazioetan. Haatik, 2026arekin alderatuta, ondasunen esportazioak berreskuratzea aurreikusten du erakundeak, eta horri esker, Hego Euskal Herriak hazkunde handiagoa izango du inguruko beste erkidegoen batez bestekoa baino.