%24 hazi dira elikadura eta edarien sektorearen esportazioak Euskal Autonomia Erkidegoan

Esportazioak hazi badira ere, elikagai ekoizleak kezkatuta daude prezioen igoera euren gain hartu behar izaten dutelako

Jon Ander Egaña eta Manu Giner, Basque Food Cluster-eko zuzendari eta presidentea Jon Ander Egaña eta Manu Giner, Basque Food Cluster-eko zuzendari eta presidentea

Cluster Eguna ospatu du Basque Food Cluster-ak BECen. Elikagaien balio kate osoko 123 enpresa bildu ditu klusterrak eta, emandako datuen arabera, 2021ean %24 hazi ziren elikadura eta edarien sektorearen esportazioak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. 1.129 milioi euroko salmentak izan zituen sektoreak nazioartean, orotara egindakoen %74.  Gainerakoa, %26, Erkidegoan egin zuen. Jon Ander Egaña Basque Food Cluster-eko zuzendari nagusiaren arabera, “merkatu eta merkaturatze bideen dibertsifikazioa” izan da datu on horien erantzule.

Hala ere, elikagaien kontsumoan aldaketa nabari dela azaldu du Egañak. Elikadura jasangarrian jarri du arreta klusterrak eta, datuen arabera, ikusi dute kontsumitzaileek gehiago erreparatzen diotela elikagaiaren jatorriari baina soilik %5 dagoela gehiago ordaintzeko prest. Egoeraren aurrean, Manu Giner klusterreko presidenteak onartu egin du egun zailtasun handiagoak dituztela esportazioekin: “ziurgabetasun momentuak bizitzen ari gara, baina modu aproposean ari gara kudeatzen”.

Ziurgabetasun horien artean legoke kostuen igoera ere. Klusterreko zuzendariak adierazi duenez, batez ere energiaren eta lehengaien prezioen igoerak eragin die elikagaien sektoreko enpresei: “uneoro moldaketekin gabiltza, beste baliabide iturri batzuen bila, baina prezioek goranzko joerarekin jarraitzen dute. Ezin dizkiegu igoera horiek kontsumitzaileei helarazi eta azkenean kostuen igoera gure gain hartzen dugu”. Kezka azaldu du bai, baina alde positiboa ere ikusten dio, ekoizpen prozesuak “optimizatzen” eta “eraginkorrago egiten” ari direlako.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK